Irailaren 11ko atentatuetatik izandako eraso okerrena. Hala deskribatu dute AEBetako komunikabide nagusiek herenegun iluntzean Dallasen izandako tiroketa. Texasko hiri hartan aurretik Poliziak hildako bi gazte beltzen aldeko manifestazio baten amaieran tiroz hil zituzten bost polizia. Tiroketan beste sei polizia ere zauritu zituzten. Hasiera batean, nahasmenaren erdian hainbat frankotiratzaile izan zitezkeela zabaldu zen, eta baita segurtasun indarrek hiru lagun atzeman zituztela ere. Orduak igaro ahala, ordea, pertsona bakarra, Micha Johnson egin zuten segurtasun indarrek erasoaren erantzule.
Polizia ia ordubetez aritu zen Johnsonekin hitz egiten, hark arma alde batera utz zezan. Azkenean, baina, urrunetik zartarazitako lehergailu batekin hil zuten. Azken orduetan haren etxea ere miatu dute, eta lehergailuak egiteko materiala eta errifleak aurkitu dituzte bertan. Komunikabideek zabaldu dutenez, bestalde, AEBetako Armadan ibilia zen gaztea, eta baita Afganistango gerran ere.
Tentsioa, gora
Azken astean, AEBetako Poliziak bi gazte beltz hil ditu tiroz, Louisianan eta Minnesotan, hurrenez hurren. 48 orduko tartean biak. Philando Castile errepide kontrol batean gelditu eta gida baimena ateratzera zihoanean tirokatu zuen polizia batek. Castileren bikotekideak salatu duenez, gaztea ez zen segituan hil, baina gainontzeko poliziek hari lagundu beharrean, tiro egin zuena kontsolatzen aritu ziren.
Antzekoa da Alton Sterling 37 urteko gizonezkoaren kasua ere. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daiteke nola bi poliziek lurrera botatzen duten Sterlong. Han dagoela haietako batek oihu egiten du arma bat ateratzera doala esanez, eta tiro egiten dio gazteari. Auzitegi medikuek berretsi dute bi tiro jaso zituela Sterlingek, bularrean bata eta bizkarrean bestea.
Gaur goizean, berriz, gizone bat hil du Poliziak Houstonen. Segurtasun indarrek zabaldu dutenez, arma batekin destatu zien. Sare sozialetan, ordea, salatu dute hamar tiro jaso zituela gazteak.
Honek guztiak gaiztotu egin du giroa eta azken ordu eta egunetan ugaritu egin dira segurtasun indarrek aurkako erasoak ere. Atzo, esaterako, polizia bat tirokatu zute Missourin errepide kontrol batena geldiarazitako gidari baten gida baimena begiratzera zihoanean.