Independentziari buruzko kontsulta egitea onartu dute Gironako Udalak eta, modu horretara, galdeketa egingo duen Kataluniako lehen hiriburua izango da. Abenduaren 13an hango 130 herritan egingo dute independentziaren inguruko bozketa, baina Gironako Udalak jakinarazi du data hori gertuegi dagoela eta eurek 2010eko udaberrian egitea aurreikusten dutela, "hobeto prestatzeko eta atxikimendu gehiago lortzeko".
CIU, ERC eta ICV-EuiA alderdien babesa jaso du Gironako kontsultak, PSC abstenitu egin da eta PPCk aurkako botoa eman du. Gironako PSCko Joan Pluma bozeramaileak adierazi du Kataluniako Legebiltzarra dela "soberaniari buruz erabakia hartu behar duena" eta horregatik abstenitu egin direla. "Ez dugu aurkako botoa eman, aukera guztiak errespetatzen ditugulako, baina kontsulta hau oraindik ahula dela uste dugu. Guk oinarri zabaleko planteamendua izatea nahiko genuke eta ez alderdikeriei lotutakoa".
Cristina Alsina ERCko kideak erreferendumaren beharra nabarmendu du, "etorkizunari begira lehiakorrak eta arrakastatsuak izateko" balioko duelako. CiUko Carles Puigdemontek dio proposatutako erronka ez dela erraza, baina eskura dezaketela. ICV-EUiAk galdeketak "gizarteari bultzada emateko eta erabakitzeko eskubidea ezin zaiola inori ukatu" argi uzteko balioko duela adierazi du.
Lleida eta Tarragonan ez dute kontsulta egingo
Kataluniako beste hiriburuei dagokienez, Lleida eta Tarragonako udaletan erabakia dute kontsulta ez dutela egingo. Bartzelonakoan oraindik inork ez du independentziari buruzko mozioa egiteko proposamena aurkeztu.
Arenys de Munt herrian irailean egin zuten bozketa: 2.568 lagunek baiezko botoa eman zuten eta 61ek ezezkoa. Zortzi mila biztanle bizi dira han eta %41eko parte-hartzea izan zuen bozketak.
munDUA
Girona izango da independentziari buruzko kontsulta egingo duen Kataluniako lehen hiriburua
2010eko udaberrian egin dezakete galdeketa. Abenduaren 13an Kataluniako 130 herritan egingo dute kontsulta. Arenys de Munten irailean egin zuten eta independentziaren aldeko bozak gehiengo handiz irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu