NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Errusiak eta Txinak Siriaren aurkako ebazpena gibelera bota zuten arren, Baxar al-Assaden erregimenaren aurkako presioak jarraitzen du NBEn, organo apalagoan bada ere. Arabiar Ligaren ekimenez, Siriako Gobernua gaitzesteko ebazpen bat bozkatzekotan da Batzar Nagusia. Navi Pillay NBEko giza eskubideetarako goi mandatariak agerraldia egin zuen atzo organo horretan, hainbat herrialde arabiarrek hala eskatuta. Pillayk nazioarteari eskatu dio Sirian «berehala» esku hartzeko, eta Arabiar Ligaren jokabidea goraipatu du. Erakunde horrek NBErekin batera tropak bidaltzeko proposamena egin du, «bake misioan». Damaskok aukera hori errefusatu du, baina Errusiak «pentsatu» eginen duela adierazi du, oposizioko taldeek eta erregimenak su-eten bat hitzartuz gero.
«Nazioarteak erabakiak gero eta beranduago hartu, gero eta gehiago sufrituko du bere aurka egiten diren basakeriekin», adierazi du Pillayk Batzar Nagusian. Al-Assaden erregimenari «gizateriaren aurkako krimenak» egitea egotzi dio. Errepresioari buruzko datuak ere eman ditu: Pillayren arabera, iazko martxotik urtarrilera bitarte estatuko indarrek eta Al-Assaden aldekoek 5.400 lagun hil zituzten, «manifestariak eta horiei tiro egin nahi ez zieten militarrak batuta». Hala ere, aitortu du orain ez direla gai indarkeriaren ondorioz hil duten jendearen jarraipena egiteko.
Siriaren salaketak
Baxar Jaafari Siriak NBEn duen ordezkariak, baina, Pillayk Batzar Nagusian parte hartu izana kritikatu du, organo horren prozedurarekin bat ez zetorrela iritzita. Erregimenari egindako kritika eta salaketei ere erantzun die Jaafarik. «Siriak bere herritarrak defendatzeko eskubidea du, eta terrorismoari eta indarkeria armatuari bukaera emateko». Jaafariren arabera, Damasko «ahalegin guztiak» egiten ari da «zilegi» diren erreforma eskaerei erantzuteko, eta hori bideratzeko «aniztasun politikoan» oinarritutako programa bat prestatu dutela defendatu du. Akusazio gogorrenak GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseilua osatzen duten herrialdeei egin dizkie, bereziki Qatarri eta Saudi Arabiari. Siriara «terroristak» bidaltzea eta horiei diruz laguntzea egotzi die.
Damaskoren arabera GCCko herrialdeak dira Arabiar Ligak herenegun onartutako ebazpenaren sustatzaileak. Ebazpenean Al-Assaden erregimenarekin harreman diplomatikoak haustea, eta NBEk eta Arabiar Ligak elkarrekin tropak bidaltzea proposatu du ligak. Orain Batzar Nagusietako 193 herrialdeek bozkatuko dute ebazpena.
Batzar Nagusiak ez ditu Segurtasun Kontseiluaren ahalmenak, baina NBEko kide diren herrialde guztiek bozkatu ahal izateak Siriarekiko jarreren indar korrelazioak nola dauden erakutsiko du. Segurtasun Kontseiluan gaitzespen ebazpenari betoa paratu zioten bi herrialdeek, Errusiak eta Txinak, ez dute errefusatu Arabiar Ligaren jokabidea. Hori bai, Errusiak baldintzak paratu ditu, eta Txinak tentuz neurtu ditu hitzak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren arabera, Arabiar Ligaren proposamena gauzatzeko bi baldintza bete beharko lirateke: «Herrialde hartzailearen oniritzia izatea», eta «mantentzeko bake bat edukitzea». Lehen baldintza jada ez da betetzen, eta bigarrenarentzat su-eten bat eskatu du Lavrovek. Bereziki oposizioari eskatu dio hori betetzea, Lavroven arabera, talde armatuek ez baitute «inoren agindurik betetzen», eta ez ditu «inork kontrolatzen». Txina, berriz, ez da mintzatu tropak bidaltzeko proposamenaren inguruan, baina Arabiar Ligaren bitartekaritza ontzat jo du. Erregimenari eta oposizioari eskatu die «indarkeria eten» eta lehenbailehen elkarrizketan has daitezela.
Homs, gatazkaren erdigune
Siria barneko gatazkaren berri nagusiak, bertze behin, erdialdeko Homs hiritik etorri dira. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko kide Hozam Ibrahimen arabera, armadak berriz bonbardatu du Homs, baina hiriarekiko komunikazioa moztuta dagoenez, biktimen berri jakitea zaila dela adierazi du. Sana agentzia publikoak jakinarazi duenez, berriz, «talde terrorista» batek armadako koronel bat bahitu du Homsen.
Giza eskubideen NBEko buruak Sirian «berehala» esku hartzeko eskatu du
Nazioarteko «bake misioa» sartzeko aukera «pentsatu» eginen du Errusiak, baina su-eten baten baldintza jarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu