Libia

Giza eskubideen urraketa "ikaragarriak" salatu ditu NBEk

Erreboltariek Tripoli hartu aurreko egunetan, Gaddafiren aldekoek "hiltze masiboak" egin zituztela dio, eta "asaldatuta" agertu da.

2011ko abuztuaren 31
15:50
Entzun

Nazio Batuen Erakundea "asaldatuta" agertu da Gaddafiren aldekoek aurreko astean Tripoli hiriburuaren kontrola galdu aurretik egin zituzten giza eskubideen urraketengatik. "Ikaragarriak" izan direla salatu du, eta erreboltariek hiriburura sartu aurreko egunetan "hiltze masiboak" izan zirela dio NBEk.

"Txostenek diote milaka pertsona daudela atxilotuta edo preso batere kargurik gabe", esan du Rubert Colville giza-eskubideen ordezkariak. Horregatik preso horiek non dauden lehenbailehen esateko eskatu die Gaddafiren alde borrokatzen ari diren buruei, "bizi gehiago galdu aurretik".

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak esan du hiltze horiek tortura salaketekin eta giza-eskubideen urraketekin batera ikertuko dituela Libiarako Nazioarteko Batzordeak. Irailaren 19an izango du lehen bilera batzorde horrek. Bide batez, Libian NBEren misio bat onartzeko eskatu dio Trantsizio Gobernuari.

Ki-moonek azaldu duenez ur erreserbak eskasak dira une honetan, eta Tripoliko herritarren erdia baino gehiagok ez du edateko ona den urik. Elikagaien Munduko Programa bere jarduna indartzen ari da Tripolira lehenbailehen janari, ur, botika eta erregai gehiago bidaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.