Mendebaldeko Saharako misioa bere horretan luzatu du NBEren Segurtasun Kontseiluak beste urtebeterako, eta giza eskubideen zaintza bere gain hartu gabe jarraituko du. AEBek, Errusiak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Espainiak batera aurkeztutako ebazpen proposamenari oniritzia eman diote Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek. Minurso misioa hamabost behatzaile militarrekin osatzea hitzartu du NBEk.
1991n jarri zuten indarrean Mendebaldeko Saharako misioa, eta giza eskubideen egoera gainbegiratzea bere eskumenen artean ez daukan NBEren misio bakarretakoa da. Iaz AEBek proposatu zuten giza eskubideen zaintza bere gain hartzea Minursok, baina Segurtasun Kontseiluan atzera bota zuten Marokoren kontrako jarreragatik.
1975eko Martxa Berdearekin okupatu zituen Marokok Espainiako kolonia izan zenaren lurraldeak, eta ordutik independentziaren aldeko borrokan ari da SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Rabatek, baina, autonomia bat besterik ez dio eman nahi, eta hori ere Maroko osorako prozesu baten barruan.
Ebazpenarekin "oso pozik" agertu da Omar Hilale (Marokoren enbaxadorea Nazio Batuen Erakundean), "egoeraren zailtasunak" aintzat hartu dituelako Segurtasun Kontseiluak.