Gutxienez bat hil dute, eta hamar bat dira zaurituak. Beit Hanuneko meskitaren inguruan paratu dira ehunka emakume, barruan zeuden gizonezkoak -Israelen arabera, milizianoak- babesteko. Asteazken goizaldean Udazkeneko hodeiak operazioa abiatu zutenetik, 20 bat palestinar hil ditu Israelgo Armadak.
Erasoaldi horren helburua Gaza iparraldetik Israel koheteekin erasotzen duten milizianoei aurre egitea dela agertu du Tel Avivek, baina hildakoen artean hainbat dira zibilak.
Gaur Beit Hanuneko meskitaren inguruan gertatu dira istilurik handienak: Israelgo iturrien arabera, hainbat miliziano armatu eraikin horretan gorde eta gotortu dira, eta Hamasen irratiaren bidez giza ezkutu gisa jokatuz haiek babesteko deia egin diete emakumeei. Deialdi horri erantzunez, ehunka emakume batu dira meskitaren inguruan, barrura sartu nahi zuten soldadu israeldarri bidea trabatuz. Azkenean, tiroka ekin diote andreen kontra, eta gutxienez bat hil dute eta hamar bat zauritu. Zenbait iturriren arabera, dagoeneko bi dira hildakoak.
Meskita barrura sartu direnerako ez zegoen milizianorik barruan; Israelgo iturrien arabera, emakumeen artean ezkutatuta ihes egin dute.
Horrez gain, bart goizaldean gutxienez lau palestinar hil dira Israelgo Armadako hegazkinek Gazan egin dituzten erasoaldietan.
Ekialde Hurbila
'Giza ezkutu' gisa ari ziren emakumezkoak tirokatu ditu Israelgo Armadak Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu