Gizakiaren eraginaren ondorioz, prezipitazioak aldatzen ari dira

Adituek egindako ikerketa baten arabera, euri kantitatea aldatu egin da azken mendean

IOSU ARRUABARRENA LUZ
2007ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Kanada, Japonia, Erresuma Batua eta AEBetako aditu batzuek egindako ikerketa baten arabera, gizakiaren jardunak eragin zuzena dauka azken urteetan prezipitazio kopuruak jasandako aldaketekin. Ikertzaile horien iritziz, gizakiaren eraginez prezipitazio kopuruak aldatu egin dira azken urteetan, eta Kanada, Errusia eta Europa iparraldea inguru euritsuagoak bihurtu dira. India eta Afrika, berriz, lehorragoak.

Ikerketa egiteko, adituek ordenagailuz egindako klima eredu batzuk erabili dituzte, baina beraiek esan dutenez horiek ez dute gizakiak prezipitazioetan izan dezakeen eragina argi erakusten. Izan ere, lurralde batean gerta daitezkeen lehorteak beste lurralde batean izan daitezkeen uholdeen erantzule izan daitezke, eta, beraz, klima eredu horiek ez dute gizakiak prezipitazio kopuruaren aldaketan izan dezakeen eragina argi azaltzeko balio.

Dena den, ikertzaileek 1925 eta 1999 bitartean izandako prezipitazioak aztertu dituzte hilabetez hilabete, eta horien arteko alderaketa bat egin dute gizakiak prezipitazio kopuruaren aldaketan izan dezakeen eragina ikusteko.



IKERKETAREN EMAITZAK. Adituek diotenez, ikerketak argi erakutsi du gizakiaren jardunak eragin zuzena duela prezipitazio kopuruak azken mendean izandako aldaketekin. Hainbat herrialdetako ikertzaile talde horrek dioenez, gizakiaren jardunak, hala nola erregai fosilak erabiltzeak Kanada, Errusia eta Europa iparraldeko inguruetan prezipitazio kopurua aurreko mendeko batez bestearekiko 62 milimetro gehiagokoak izatea bultzatu du. Gainera, berotegi efektuaren eraginez eta aerosolen sulfatoen ondorioz, hegoaldeko aldea tropikalean aurreko mendeko batez bestearekiko 82 milimetrotan handitu da euri isuria, eta iparraldeko alde tropikalean, berriz, 98milimetroko jaitsiera izan du.

Halaber, Erresuma Batuko East Anglia unibertsitateko Ikerketa Klimatikoko Saileko kide Nathan Gilleten hitzetan, «ikerketa honek erakusten du gizakiaren jardunak eragin zuzena duela prezipitazio kopuruaren aldaketekin, eskualde batzuetan prezipitazio kopurua txikituz eta beste batzuetan, ordea, kopuru hau handiagoa bihurtuz».

Izan ere, Gillettek dio munduko eskualde ezberdinetan gertatzen ari diren prezipitazio kopuruaren aldaketa horiek ezin direla naturaltasun ikuspuntu batetik azaldu, ez baitira naturalki gerta daitezkeen aldaketen ondorio.

Hala ere, Gilletten ustetan nahiz eta frogatua gelditu den gizakiak azken mendeko prezipitazio kopuruaren aldaketan eragin zuzena izan duela bere jardunaren ondorioz, ezin da esan Erresuma Batuan gertatu berri diren uholdeen erantzulea gizakia izan denik, hori esatea gehiegi esatea baita.

Azkenik, ikertzaile ingelesak dio klima ereduen arabera Erresuma Batuan neguak gero eta bustiagoak izango direla. Udarak, ordea,gero eta lehorragoak izango direla iragartzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.