«Egunero-egunero gizateriaren aurkako krimenak egiten ditu Siriako erregimenak». Turkiak gogor hitz egin du bere aliatu ohiaren kontra, eta Sirian «hondamendi humanitarioa» gertatzen ari dela salatu du. Hori dela eta, Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak nazioarteari dei egin dio «nahikoa» dela esan dezaten, «ozen eta garbi». Izan ere, kritikatu du ados jartzeko ezintasunak Damaskori errepresioarekin jarraitzeko adorea ematen diola.
«Oposizio guztia terroristatzat dauka Siriako Gobernuak», esan du Davutogluk, eta bilera oro «traiziotzat» jo du. Atzerri ministroak salatu du erreformak berriz «aldaketa kosmetikoak» baino ez direla. Negoziaziorako ere beranduegi dela uste du Ankarak, esaten baitu manifestarien eta oposizioko kideen aurkako errepresioak itxi egin dituela elkarrizketak izateko ateak.
Siriako Homs hirian, berriz, egoerak ez du hobera egin. Bigarren egunez ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen konboia eta Ilargi Gorri Erdiaren anbulantziak ezin izan dira sartu Bab Amr auzoan, Damaskok horretarako baimenik eman ez dielako. Gobernuak ostegunean giza laguntza helarazteko eta zaurituak artatzeko setiatutako auzoan sartu ahal izango zirela esan bazuen ere, orain atzera egin du. Oposizioko kideek minak eta bonba tranpak utzi dituztela dio Damaskok, eta horiek kendu arte ezin diola laguntza humanitarioari auzoan sartzen utzi.
Oposizioak, ordea, bestelako arrazoiak eman ditu gobernuak Gurutze Gorriari eta Ilargi Gorri Erdiari Bab Amr auzoan sartzen ez uzteko. Ostegunean auzoaren kontrola berreskuratu zuenetik armadak mendekuz hainbat hilketa egin dituela salatu dute oposizioko ekintzaileek, eta orain hilketa horiek ezkutatzeko denbora irabazi nahian dabilela uste dute. 11 urtetik gorako gizonezko guztiak atxilotzen ari direla diote. Gobernuaren aldeko armatutako gizonak etxeak erretzen ari direla ere kontatu du Bassel Fouadek,Libanora ihes egin duenekintzaileak. 4.000 lagun inguru oraindikbertan harrapatuta daudela uste da, baina ezinezkoa da jakiteaBab Amr auzoan egiaz zer ari den gertatzen. Ura, janaria eta sendagaiak falta zaizkiela salatu dute oposizioko ekintzaileek, eta asteak daramatzatela argindarrik gabe. ICRCk esan du, gainera, larri zauritutako lagunak egon daitezkeela bertan. Atzo, gainera, Homseko beste hainbat auzotan bonbardaketak egin zituztela salatu du oposizioak.
Eraso suizida bat Daraan
Gutxienez zazpi lagun hil dira, bestalde, Daraan, atentatu suizida batean. Lagun batek auto bat zartarazi du hiri horretan, eta hogei lagunetik gora ere zauritu ditu erasoan. Gobernuak «talde terroristei» egotzi die atentatua, eta biktimen artean zibilak nahiz poliziak daudela adierazi du. Otsailean eta urtarrilean Alepon eta Damaskon egin zituzten atentatuetan bezala, oraingoan ere eztabaida piztu da erasoen egiletzaren inguruan. Baxar al-Assaden gobernuak «terroristei» Siriaren egoera ezegonkortzeko asmoz erasoak egitea leporatzen die, eta horretarako nazioartearen laguntza dutela dio. Oposizioak, berriz, gobernuaren trikimailuak direla uste du, errepresioa justifikatzeko egindakoak.
Aste honetan, Yebha al-Nasra —Garaipenaren Frontea— izeneko muturreko talde islamista batek Alepoko eta Damaskoko atentatuak bere gain hartu ditu Internet bidez zabaldutako mezu batean.
Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, Sirian haurren egoera oso larria dela salatu du. Elkarte humanitarioei herrialdean sartzen uzteko eskatu dio Damaskori, ez baitaukate Sirian dauden haurrei laguntzeko modurik. Borroka armatuetan haurrak hil dituztela dio erakundeak, eta beste hainbat zauritu dituztela. NBEren arabera, 7.500dik gora dira iaztik protestetan hildakoak.
Gerra zibilaren arriskua
AEBetako Gobernuak ere Sirian gertatzen ari denarekin «ikaratuta» dagoela dio, batik bat Homseko egoerarekin. Laguntza humanitarioa aurki Bab Amr auzoan sartzea espero dutela adierazi du Jay Carney Etxe Zuriaren bozeramaileak, «sufritzen ari diren lagun koitaduek arindua izan dezaten». Errusiari eta Txinari pausoak emateko ere eskatu die, beste behin. «Eurak ere badute Sirian jasaten ari diren indarkeriaren ardura», salatu du Carneyk.
NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, berriz, Siriak aurki «gerra zibil batean amiltzeko arriskua» duela esan zuen herenegun Batzar Orokorrean, eta hori saihesteko, nazioarteari erabateko babesa eskatu zion. «Ahots bakar batekin hitz egin behar dugu, ozen eta garbi». Damaskoren NBEko ordezkari Baxar Jafarik, aldiz, hainbat herrialdek Sirian erregimena aldatu nahi dutela erantzun dio Bani, eta eraso sistematikoak jasaten ari direla.
Gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi dio Turkiak Siriari
Ankarak nazioarteari bat egiteko eskatu dio, sarraskia geldiarazteko; Damaskori akordio faltak indarra ematen diola ohartarazi duHomsen setiatutako auzoan sartzea galarazi dio Al-Assadek Gurutze Gorriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu