Goizaldeko ordubiak aldera gizon bat sartu da egoitzan, eta labanaz erasotu ditu egoitzan zeuden dozenaka lagun; bere burua entregatu du. 19 pertsona hil eta 26 zauritu ditu lo zeuden bitartean; larri daude horietatik 20. Sagamihara (Japonia) hirian dago urritasuna duten pertsonentzako egoitza, Tokiotik hurbil.
26 urteko gizonezko bat atxilotu du poliziak. Gizonezkoa egoitzako langilea izan zen, joan den otsailean arrazoi pertsonalak argudiatuta lana utzi zuen arte. Lanpostua utzi zuen egun berean, poliziak ohar bat bidali zion hiriko udalari, gizonak "erasoren" bat egin zezakelakoan. NHK telebistak zabaldu duenez, gizonak gutun bat idatzi zuen, "Japoniaren mesederako" urritasuna duten 470 pertsona hil zitzakeela esanez. Gizonezkoa arriskutsutzat jo zuten, eta ospitale psikiatriko batean sartu zuten — alta eman zioten handik 12 egunera, haren egoerak hobera egin zuela esanda—.