Hamar hilabetean bigarren aldiz egingo dituzte hauteskundeak Asturiasen. Iazko maiatzeko bozen ostean, egoera blokeatuta egon da erabat Asturiasen, Foro Asturiasek gutxiengoan osatutako gobernuak ez baitu izan gaitasunik bere politikak aurrera eramateko. Egoera desblokeatzeko antolatu ditu gobernuak berriz ere hauteskundeak, baina, inkesten arabera, baliteke emaitza berriek ere blokeo egoera sendotzea.
Legebiltzarrak 45 eserleku ditu, eta beharrezkoa da 21 lortzea gobernua osatzeko gehiengoa izateko. Iazko maiatzean, Foro Asturias izan zen berritasunik handiena, Francisco Alvarez-Cascos PPko idazkari nagusi izandakoak sortutako alderdia. Hamasei diputatu lortu zituen ordukoan, eta legebiltzarreko lehen alderdi bihurtu zen —hamabost lortu zituen PSOEk, hamar PPk eta lau IUk—, baina gutxiengoan osatu zuen gobernua.
Azken inkesten arabera, gaur alderdi sozialistak irabaz ditzake hauteskundeak, hamabost diputatu lotuta. Alderdi Popularrak, berriz, bi ordezkari gehiago lor ditzake —hamabi izango lituzke—. IUk ere gora egingo luke, sei diputatu lortuta; UPD alderdia, berriz, lehen aldiz sartuko litzateke parlamentuan, diputatu batekin.
Beherakada handia
Galtzaile nagusitzat Foro Asturias jotzen dute inkestek. Hamasei eserleku ditu, baina baliteke hemendik aurrera hamabi edo 11 izatea. Madrilgo gorteetarako hauteskundeetan, jada maiatzean jasotako babesaren erdia jaso zuen Alvarez-Cascosen alderdiak. Nolanahi ere, gobernua osatzeko orduan zailtasuna izango da nagusi berriz ere.
Gutxienez bi alderdiren arteko adostasuna beharko dute gobernua osatzeko, eta baliteke UPDren diputatu bakarra izatea hiru hankako gobernu bat eratzeko gakoa. Gobernu aliantzak, hala ere, ez daude batere argi, azken hamar hilabeteetan asko gaiztotu baitira harremanak hiru alderdi nagusien artean.
Espainia. Hauteskunde autonomikoak
Gobernabidea dago jokoan Asturiasen
Garaipena PSOEk lor dezakeen arren, aliantzak egin beharko ditu gobernua osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu