Espainiako gobernagarritasuna

Gobernatu nahi badu "aliatu potentzialekin" akordioa egiteko eskatu dio Sanchezek Rajoyri

"Gaur-gaurkoz" PSOEk Rajoyri ezezko botoa emango diola esan du Pedro Sanchezek, baina "konfiantza" eskatu die herritarrei: "Demokraziak bere denborak ditu". PSOEk konponbidea ahalbidetuko duela gaineratu du. Rajoyk, berriz, aditzera eman du ez dela aurkeztuko babesik ez badauka.

jarraia124840.jpg
2016ko uztailaren 13a
08:54
Entzun

Konponbidea non dagoen ez du esan, baina Mariano Rajoyk Espainiako Gobernua osatzeko beharrezkoa duen gehiengoa lortzen ez badu ardura ez dela PSOErena azpimarratu du Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak. "Aliatu potentzialekin" akordioa egiteko eskatu dio PPri. Ez du esan nor diren aliatu horiek, baina PSOE ez dagoela talde horretan azpimarratu du; "gu alternatiba gara". 137 diputaturen babes hutsarekin aurkezten baldin bada PSOEk Rajoyri ezezko botoa emango diola berretsi du; eta honako hau gaineratu du: "137tik 176ra bide luzea dago egiteko". Ez du zehaztu zer esan nahi duen horrekin, baina, nolanahi ere, PPrekin ez duela negoziatuko esan du; "hitz egin, bai; nahi duen guztia".

Rajoyk ez dauka erraza, eta badaki. Ez du CDCrekin negoziatu nahi. Eta aditzera eman du, argi badago bozketan ez duela gobernua osatzeko modurik lortuko, ez dela aurkeztuko. "Argi izango banu ezingo dudala gobernua osatu, gogoeta garai bat irekiko nuke, hau nola konpondu deliberatzeko". Dena den, "bustitzeko prest" agertu da Rajoy, eta jakinarazi du alderdi guztiei helarazi diela proposamen bera, "negoziazioak eta akordioak erraztea" helburu duena. "Nik gobernatu nahi dut, erabakiak hartu, busti nahi dut, eta oso argi dut zer egingo dudan: borrokan jarraituko dut konbentzitua izan nahi dutenak konbentzitzeko". Bi buruzagiek bilera egin dute goizean, eta gero prentsaurrekoa eman dute bakoitzak bere aldetik.

Ciudadanosek, berriz, PPk gutxiengoan gobernua osa dezan abstentziorako bidea hartzea erabaki du. Inbestidurako aurreneko bozketan ezezkoa emango diote Ciudadanoseko diputatuek, baina bigarrengoan abstenitu egingo dira.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak ere hitz egin du gaiaz, eta esan du jeltzaleak ere ezezkoan daudela: "Orain ezinezkoa da baiezkoa ematea, baina hitz egiteko prest gaude".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.