Gobernu aldaketa Frantzian

Nicolas Sarkozyk jakinarazi du François Fillonek eta Frantziako Gobernuko gainerako kideek dimisioa aurkeztu dutela

Oihana Elduaien Uranga.
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Krisiari aurre egiteko asmoz egindako lege erreformek eta hartutako erabakiek ukituta utzi dute Frantziako Gobernua. Hainbeste, ezen Nicolas Sarkozy presidenteak ezinbestekotzat jo duen gobernua aldatzea. Hilabeteak ziren aldaketaz hizketan ari zirela, eta Sarkozyk berak uztailean iragarritakoa atzo iluntzean iritsi zen. Gobernuak dimisioa aurkeztu duela jakinarazi zuen Eliseoak: «Konstituzioaren 8. artikulua aplikatuz, François Fillonek gobernuaren dimisioa aurkeztu dio errepublikako presidenteari».

Sarkozyk onartu egin du dimisio hori, eta, beraz, une honetan lehen ministrorik eta gobernurik gabe dago Frantzia. Gobernu aldaketa egiteko tramitea da karguan dauden ministroek dimisioa aurkeztea. Orain gobernu berria osatzeari ekin beharko dio Sarkozyk. Hainbat iturriren arabera, lan hori aurreratuta dauka presidenteak, eta litekeena da exekutibo berria gaur edo bihar bertan aurkeztea.

Gobernuaren dimisioaren berri jakin ostean, berehala hasi zen gobernu berriko kide izan daitezkeenen izen dantza. Lehen ministro kargua hartzeko, Jean-Louis Borloo atzo arte Ekologia ministro eta François Baroin Aurrekontuen ministro aipatzen dira. Nolanahi ere, kargu hori berriz ere Fillonek berak hartzeko aukera ere ez da baztertzen. Hain justu, hark karguan jarraituko dutela esaten aritu dira azken egunetan Frantziako komunikabideak. Bestalde, Alain Juppe lehen ministro ohiak gobernura itzuliko dela jakinarazi zuen. Agentziek gobernuko iturriak aipatuz zabaldu zutenez, baliteke Defentsa ministro kargua hartzea.

Le Monde egunkariaren arabera, G20koek Seulen egindako goi bileraren ostean hasi zen presidentea gobernu krisia prestatzen. Fillonekin birritan hitz egin zuen atzo. Goizean bildu ziren aurrena, eta arratsaldean elkarrekin egon ziren berriz, AFPko argazkilari batek baieztatu duenez. 19:30ak aldera joan zen Fillon Eliseotik, eta handik gutxira egin zuten publiko gobernuaren dimisioaren berria iturri ofizialek. Jean-Louis Borloo Ekologia ministro eta gobernuko bigarrena ere bildu zen atzo Sarkozyrekin.

Aspalditik datorren krisia

Itxura garbitzeko premia du Sarkozyk. Krisi ekonomikoari aurre egiteko hartutako neurriek haserrea ekarri zuten Frantziako herritarren artera, eta erretreten erreformak eragindako greba eta mobilizazioek nabarmen kaskartu dute presidentearen irudia. Aurretik dator, gainera, UMP alderdiaren gainbehera. Martxoan izan ziren eskualdeetako hauteskundeetan jipoia jaso zuen hautestontzietan. Eta duela gutxi, kezkatzeko arrazoiak dituela berretsi zion Le Point egunkariak. Hilaren 8an argitaratu zuen inkesta batek herritarren %30en babesa besterik ez zion aitortzen, eta kargua hartu zuenetik inoiz izandako zifrarik baxuenak eman zituen.

2012. urtean izango dira presidentetzarako bozak, eta haiei begira egindako maniobra gisa ulertzen da gobernu aldaketa. Aurkari gogorra izango du boz horietan Sarkozyk, Dominique de Villepinek alderdia sortu baitu UMPren alternatiba izateko asmoz. Bera izango du aurrez aurre presidentetzarako norgehiagokan, eta bera da Sarkozyk inoiz izan duen aurkaririk gogorrena.



Ika-mika eragin duten neurriak

Legealdi honetan Nicolas Sarkozyren gobernuak egindako hainbat lege aldaketek eta hartutako hainbat neurrik ika-mika ugari eragin dituzte Frantzian. Hona hemen batzuk:

Erretreten erreforma. Azaroaren 10ean sartu zen indarrean erretiroaren erreformaren legea, eta horren ondorioz, 60 urtetik 62ra pasatu da erretiro adina, eta pentsio osoa jaso ahal izateko adina, 65 urtetik 67ra, beharrezko urteak kotizatu gabe izanez gero. Erreforma horrek protesta ugari eragin ditu Frantzia osoan, eta sindikatuek hamar alditan egin dituzte lanuzte eta mobilizazioak. Giroa pil-pilean egon da azken hilabeteetan. Inkesten arabera, herritarren %69k ez dute begi onez ikusten Sarkozyk orain artean egindako lana, eta 2007tik izandako mailarik apalena da hori.

Funtzio publikoko lanpostuak gutxitzea. Krisi ekonomikoari aurre egiteko, gastu publikoa jaisteko hainbat neurri hartu zituen iaz Sarkozyk, eta, horren ondorioz, funtzio publikoko hamar milaka postu kenduko zituela iragarri. Horrek izugarrizko haserrea eragin zuen sektore publikoan.

Postaren pribatizazioa. 2010eko martxoaren 1ean utzi zuen La Poste enpresak estatus publikoa, eta orduz geroztik sozietate anonimoa da. Oposizioa aldaketaren aurka azaldu zen, eta Frantzian mugimendu zabala eratu zen pribatizazioaren aurka.

Ijitoak kanporatzea. Ijitoak deserriratzeko politikak hautsak harrotu ditu Frantzian, eta, batez ere, nazioartean. Kritika parrastada entzun behar izan bazuen ere presidenteak, azkenean Europako Batzordeak Frantzia ez zigortzea erabaki zuen. Urtea hasi denetik, 10.000 ijito inguru kanporatu ditu Frantziak Errumania eta Bulgariara.

Semeari kargu publiko bat emateko asmoa. Nicolas Sarkozy presidentearen semea, Jean Sarkozy, erakunde publiko bateko buru jartzeko asmoak haserrea eragin zuen duela urtebete Frantzian. Ezkerrak Sarkozyren nepotismoa salatu zuen, eta eskuinean ere ondoeza handitu egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.