Italia

Gobernu ituna adostu dute M5Sk eta Legak

Gobernu programa zehaztu dute bi alderdiek. Erreforma ekonomikoak, migratzaileen aberriratze masiboa eta flat tax delako zerga finkoa ezarriko dutela iragarri dute. Ez dute adostu, ordea, gobernuko presidentea nor izango den.

Luigi di Maio M5Sko burua (erdian), joan den asteko prentsaurreko batean, Sergio Mattarella Italiako presidentearekin bildu ostean. ANGELO CARCONI, EFE
2018ko maiatzaren 18a
09:47
Entzun

Italian gobernua osatzeko ituna lortu dute M5S 5 Izar Mugimenduak eta Legak, 70 egun iraun duten negoziazioen ostean. 57 orriko dokumentuan, gobernu programarako 23 lan ildo jaso dituzte bi alderdiek. Akordioak Europako hainbat hitzarmen eztabaidatzea aurreikusten du; nagusiki, arlo ekonomikoari lotutakoak.

Luigi Di Maio M5Sko buruak bere Facebookeko kontutik hedatu duen bideo batean azaldu duenez, "akordioan daude hauteskunde kanpainan aurkitu ditudan pertsonak, lan egiten duten emakumeen bizi kalitatea, nire belaunaldiko gazteak, zailtasunak dituzten familiak, lanpostuak... Italiarrak daude". Di Maiok nabarmendu du bi alderdi sinatzaileek akordioa egitea lortu dutela, "Bruselako burokrata batzuk, arrisku sariak eta egunkari italiarrek" ezarritako oztopoen gainetik. Alderdiko militanteei dei egin die akordioa berrestera. "Sentitu zaitez italiar eta harro, aldi berri bat hastera doa eta".

Aldi berri horretarako, hainbat erreforma ekonomiko iragarri dituzte Legak eta M5Sk. Horien artean, PFEZarentzako flat tax delako tarifa finkoa. Familiei %15 eta %20 arteko tipoa ezarriko diete, eta %15ekoa enpresei. Hala ere, hobari jakin batzuk txertatuko dituzte zerga sistemak gutxieneko izaera progresibo bati eutsi diezaion, eta erreformak herrialdeko konstituzioa urratu ez dezan.

Horrez gain, pentsioen erreforma ere iragarri dute. Erretiratzeko adina 67 urtetan finkatuta dago egin, baina 2019tik aurrera "100 kuota" delakoa ezarriko dute. Hau da, langileak bere adina eta bere ekarpen urteak batuta 100era iristen denean izango du erretiratzeko aukera. Esaterako, 64 urterekin 36 urtez egin badio ekarpena estatuari.

Zalitasun ekonomikoetan diren herritarrentzako laguntza onartzea ere jaso dute gobernu programan. 780 euro jasoko dituzte onuradunek hileko, gehienez ere bi urteko epean.

Bi alderdi euroezeptikoek Maastricheko itunaren "osorik betetzea" galdegin dute eta Europako Banku Zentralari munduko banku zentral nagusiei ezartzen zaien estatutu bera ezartzea defendatu dute.

Bestalde, migrazioa du gobenu programak kezka nagusienetako. Jasotzen duenez, Italian 500.000 migratzaile daude egoera irregularrean, eta lehentasunezko jo dute aberriratze politikak abiatzea. Era berean, beharrezkoa da, sinatzaileen iritziz, Dublingo hitzarmena gainditzea, eta "migratzaileen aberriratzera bideratutako behin-behineko egoitzak" eraikitzea proposatu dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.