KOLONBIA

Gobernua, FARCekin gune desmilitarizatu batean biltzeko prest

Erredakzioa
2005eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Orain arteko errefusa jarrera bazter utzi eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gerrilla taldearekin eremu desmilitarizatu batean akordio humanitarioa negoziatzen hastea onartu zuen herenegun gauean Kolonbiako presidente Alvaro Uribek. Gerrillariek bahituta dituzten 59 zibil, polizia eta militar askatzea da xedea. Espainia, Frantzia eta Suitzak eginiko negoziazio proposamena izan da Uribek onartu duena. FARCen iritzia jakin beharko da orain. Izan ere, Gobernuak preso dituen 500 gerrillariren askapena negoziatzeko hartu zituen bahi pertsona haiek talde armatuak.

El Retiro eskualdean negoziazioen aurreko zein ondorengo zazpi egunetan Gobernuaren eta gerrillaren indar armatuak (gerrillarien eledunak izan ezik) handik erretiratzea galdegiten du nazioarteko ekimenak. Hego-mendebaldeko eremu horrek 180 kilometro koadro ditu eta 30 bat familia bizi dira. Segurtasuna eta zaintza Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta nazioarteko 30-40 behatzaileren esku geratzea proposatu dute, Uriberen eta FARCen ordezkariei emandako dokumentuan. Kolonbiako Bakerako goi komisionatu Luis Carlos Restrepok iragan azaroan Europara eginiko bidaiaren ondotik eratu zuten, Suitzan, nazioarteko batzordea. Gerora, batzordearen misio tekniko batek El Retiro eskualdea bisitatu eta aztertu zuen.59 bahitu horien arteanIngrid Betancourt politikari independentea dago. Hau 2002ko otsailetik dute bahituta. Gainera, 1997an bahitutako hainbat polizia eta militar daude, baita urte ezberdinetan bahitutako zibil batzuk. Bi estatubatuar ere preso atxikitzen dituzte gerrillariek. Ā«Kolonbiako Gobernuak proposamen hau onartzen duĀ», adierazi zuen Uribek herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.