Belgikako sei alderdi politikok herrialdeko gobernua osatzeko programa akordioa lortu dute bart, eta urte eta erdiko krisiari bukaera emango diote horrela. Iazko ekainean egin zituzten Belgikan hauteskundeak, eta ordutik ez dute exekutibo berria osatu.
Lehengo larunbatean alderdi haiek 2012ko aurrekontuei buruzko akordioa erdietsi zuten, eta horrek gobernu berria eratzeko aukera zabaldu zuten. Alberto II.a erregea pozik agertu zen aurrekontu itunarekin, eta Elio Di Rupo sozialistari gobernua eratzeko negoziazioak "lehenbailehen" hasteko eskatu zion.
Flandriako eta Valoniako alderdi sozialista, liberal eta demokristauek lortu dituzte akordio horiek. Di Rupo izango da lehen ministroa. Valoniakoa da hura, eta Belgikako lehen ministro Valoniako bat ez zen izan 1974tik.
Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiak eragin zuen krisia
BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren gaineko auziak eragin zuen krisia. Flandriako nazionalistek barrutia banatzea aldarrikatzen dute; bertako udalerri gehienetan frantses hiztunek —valoniarrak— bozetan parte hartzeko aukera daukate eta hori nederlanderaz mintzo direnekiko —flandriarrak— bazterketa dela salatzen dute. Flandrian eta Valonian ez bezala, barruti horretan bi komunitateetako alderdiak aurkez daitezke bozetara, nahiz eta flandriarrak nagusi izan.
Bruselako eskualde federala zabaldu eta euren arteko lotura sendotzeko egitura bat sortzea nahi dute, bestetik, frantsez hiztunek. Brusela-Halle-Vilvoordek orotara 54 udalerri ditu; Brusela eskualdea osatzen dute horietako hemeretzik —elebidunak— eta gainontzeko 35etan flandriarrak dira nagusi.
Iazko hauteskundeak N-VA Flandriako alderdi independentistak irabazi zituen.