Amaitu da epemuga Ipar Irlandan; gobernu osaketaren inguruan ados jarri behar ziren bi alderdi nagusiak, DUP Alderdi Demokrata Unionista eta Sinn Fein, eta horretarako epea amaitu zaie 16:00etan (Euskal Herrian, 17:00etan). Ostiral Santuko Akordioaren ondoren, aurrez aurre dauden bi aldeak elkarrekin gobernatzera beharturik daude, eta ikusteke dago zer gertatuko den aurrerantzean.
Izan ere, ados jarri ezean, litekeena da Londresek hartzea bere gain Ipar Irlandako Gobernuaren eskumenak. Beste aukera bat da berriro hauteskundeetara deitzea. Edwin Poots DUPeko kideak azaldu du aurrerapausorik ez dela egon negoziazioetan, eta ados jartzeko egiazko epemuga datorren astelehena dela, James Brokenshire Erresuma Batuko Estatu idazkariak orduan hitz egingo baitu Westminsterko parlamentuko Komunen Ganberan. Brokenshirek berak esan du asteburuan zehar pentsatuko duela zer egin.
Urtarrilean erabaki zuen Sinn Feinek hauteskundeak aurreratzea, gobernuaren funtzionamendua erabat trabatuta zegoela argudiatuta, haren ustez, DUPek ez dituelako bere egiten Ostiral Santuko Akordioaren printzipioak. Martxoaren 2an egin zituzten hauteskundeak, eta, irabazle gisa, DUPi dagokio batasuneko gobernua zuzentzea. Hiru astera lortu behar zuten akordioa, baina, hala egin ezinda, martxoaren 27tik epemuga atzeratzen aritu dira.
Sinn Feinek, ordea, DUPi egotzi dio egoeraren ardura; Conor Murphyk nabarmendu du izan dutela astia hainbat gairen inguruan akordioa egiteko, eta Erresuma Batuko Gobernuari ere leporatu dio erantzukizunaren parte bat: "DUPekin eginiko aliantzak DUPen intrantsigentzia sakondu du, eta eskubideen eta berdintasunaren aurkako bere agenda hauspotu".