Arizonako immigrazio legeak konstituzioa betetzen duen erabakitzeko AEBetako Gobernuaren kontrako eta Arizonako Gobernuaren aldeko argudioak entzun zituzten atzo Auzitegi Gorenean. Washingtonek adierazi du Arizonak immigrazio legeak betearazteko eskumena baizik ez duela, baina hainbat epailek zalantzan jarri dute argudio hori. Aldiz, Arizonako Gobernuaren abokatu Paul Clementek adierazi du immigrazioaren auzian AEBetako Gobernuak ez duela «behar beste egin», eta horregatik Arizona bezalako estatuek immigrazio kontuak konpontzeko eskubidea dutela.
«Zertan dabil gobernua ez badu onartzen estatuek euren mugak defendatzea?», arrazoitu du Antonin Scalia epaile kontserbadoreak.Jatorri hispaniarreko Sonia Sotomayorrek ere adierazi du Washington ez dela ari legearen aurkako arrazoiak «ongi saltzen».
Batetik, SB1070 legea indarrean jartzeak legez kanpoko etorkinen atxilotze masiboak eragin ditzakeela argudiatu du AEBetako Gobernuaren abokatu Donald Verillik. Arizonako gobernadore errepublikano Jan Brewerrek aukera hori onartu du, baina «Arizonako herritarren segurtasunaren alde» lan egin behar duela nabarmendu du. Auzitegitik pozik atera da Brewer, aurki legea bere osotasunean ezarri ahalko dutelakoan.
Bestetik, Mexikorekin harremanak kaltetu ditzakeela azaldu du Verillik, AEBetatik kanporatzen direnen %60 eta %70 artean Mexikora bidaltzen dituztela adieraziz. Scaliak gogor erantzun dio AEBen helburua Mexiko pozik uztea ote den galdetuta. Hain justu, Felipe Calderon Mexikoko presidenteak adierazi du Mexikotik AEBetarako migrazio netoa zero dela. 2005etik 2010a bitartean 1,37 milioi lagunek jo zuten Mexikotik AEBetara, Washingtongo Pew Erakundearen txostenaren arabera. Aurkako bidea, aldiz, 139 milioi lagunek egin zutela jakinarazi du Calderonek, eta horrek Mexikoko ekonomiaren hobekuntza agerian uzten duela dio.
Gobernuak Arizonako legeari buruz esandakoa zalantzan jarri dute Gorenean
Gobernadoreak immigrazio legea defendatu du; etorkinak samaldaka atxilotzeko aukera aitortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu