ALEMANIA

Gobernuak ez ditu protestak geldiarazi, erreformak malgutu arren

AGENTZIAK
BERLIN
2004ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Alemaniako Gobernuak joan den astean zenbait aldaketa iragarri zituen arren, bere erreforma sozio-ekonomikoan Hartz legea, ez du lortu manifestazioak geldiaraztea. Astelehenean, milaka alemaniar atera ziren kalera gobernu gorri-berdearen egitasmoa salatzeko. Alemania ekialdean izan ziren protesta handienak. Leipzigeko kaleetan 100.000 manifestari bildu ziren; Poliziaren arabera, berriz, 20.000. Berlin hiriburuan ere lehenengo aldiz hartu zuten herritarrek parte Astelehenetako Manifestazioak deituriko mobilizazioarekin, eta gutxienez 7.000 lagun elkartu ziren. Duela bi aste abiatu zen protesta ekimen berri honekin 1989an Alemania ekialdeko gobernuaren aurka egin ziren manifestazioen ideia berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek.

Erreforma multzoa datorren urtean da indarrean jartzekoa eta, besteak beste, langabezia prestasunak murriztuko ditu. Iraupen luzeko langabezia sariak murriztu egingo ditu eta gutxiengo soldataren parean jarriko. Langabetuak bultzatuko ditu familiaren ondasunak eta aseguru polizak erabiltzera beren ongizateari eusteko. Alemania ekialdean langabezia %18,5ekoa da, hots; mendebaldeko Alemaniako eskualde askotakoaren bikoitza.

Publizitate kanpaina

Gerhard Schroeder Alemaniako kantzilerrak esan du erreformak beharrezkoak direla herrialdearen ekonomia sendotzeko. Hala, astelehenean bertan, propaganda kanpaina bat jarri zuen martxan. Egunkarietan publizitatea jarri, Internet gune bat zabaldu eta egitasmoari buruzko galderak argitzeko telefono bat jarri ditu Berlinek. Komunikabideek legearen berri behar bezala ez ematea leporatu zion Gobernuari eta Berlinek berak onartu du orain.

Langabetuak gehien amorratu dituen kontua da beren ondasunak kontuan hartuko direla aurrerantzean zein sari jaso behar duten erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.