Liliana Uribe. Abokatua eta gizarte ikertzailea

«Gobernuak gerrilla desarmatzearekin parekatzen du bakea»

Kolonbiako armadak eta paramilitarrek eragindako giza eskubideen urraketak salatzen dihardu Liliana Uribek, 1993an Corporacion Juridica Libertad elkartea sortu zuenetik beste abokatu batzuekin batera.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Liliana Uribe abokatuak giza eskubideen aldeko ibilibide luzea egin du Kolonbian. Haren esanetan, giza eskubideen defendatzaileei egindako erasoek «gora egin dute» Santos presidente denetik. «Orain, modu politagoan erasotzen digute eta hiltzen gaituzte». Egun batzuk egin ditu Euskal Herrian, hitzaldi batzuk emateko.

Corporacion Juridica Libertad elkarteko kidea zara. Orain, zertan ari zarete lanean?

Orain, erronka handia daukagu Kolonbian zigorgabetasunaren auziarekin. Gobernua hainbat mekanismo martxan jartzen ari da, militarren zigorgabetasuna bermatzeko. Zigor Foru Militarra indartzen dabiltza: auzitegi zibilek militarrak epaitzea eragotzibehar dute, eta abiarazi diren erreforma konstituzionalak bide horretan doaz. Hori dela eta, irailean nazioarteko ikuskaritza talde bat etortzea sustatzen ari gara.

Bestalde, gobernuak gerrilla desarmatu eta desmobilizatzearekin parekatzen du bakea, eta horrek ez du laguntzen konpontzen arlo ekonomiko, politiko eta sozialean dauden egitura arazoak. Kongresuak Bakerako Esparru Juridikoa onartu berri du, eta, horren arabera, giza eskubideak edo nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratu dituztenak ez lituzkete epaituko. Dekretu bidez lortu nahi dute bakea, baina horrela ez da arazoa gaindituko. Gerrillak ez du negoziazioetan parte hartzen; ez du salbuespenik eskatzen, Kolonbiako arazo politikoen muina aztertuko lukeen elkarrizketa prozesua abiaraztea baizik. Gobernuak jendearen desmobilizazioa nahi du, eta bide horretatik ez dira konponduko gatazkaren arrazoiak.

Halaber, gobernuak ez du jakin nahi zer gertatzen ari den proiektu handiekin eta Kolonbiara heltzen ari diren multinazionalekin. Kolonbiak Kyotoko protokoloa sinatu berri du, eta, aldi berean, konpainiei milaka hektarea eman dizkie oihanean, koltan eta uranio meatzeak ustiatzeko. Ez dituzte errespetatzen ez indigenak, ezta afrikar jatorria duten komunitateak ere. Guk komunitate horiek babesten lan egiten dugu, eta Medellingo Comuna 13 auzoan militarrek zein paramilitarrek egindako sarraskian gertatu zena argitzeko ikerketa batzordea eratuko dugu urrian.

Zer gertatu zen Comuna 13 auzoan?

Comuna 13koa oso kasu adierazgarria izan zen. Errepublikako presidenteak agindutako operazio militar bat izan zen, Orion Operazioa: milizien aurkako borroka aitzakiatzat hartuta, auzoa bonbardatu zuten; 350 pertsona baino gehiago atxilotu eta hainbat hil zituzten. Operazioa bukatzean, paramilitarrak auzoan geratu ziren, eta, hurrengo hilabeteetan, pertsona asko desagerrarazi eta hil zituzten, gerrillariak zirela egotzita, betiere.Egiatan, auzoko jendea baino ez zen.

Zein muga ditu Kolonbian abokatu batek bere lana egiteko?

Guk Giza eskubideak defendatzeko eskubidearen alde izeneko kanpaina bat martxan jarri dugu, azken urteotan jazarpena handitu delako. Gobernuak eta militarrek Indar armatuen eta Kolonbiako estatuaren kontrako gerra juridikoa izena eman diote abokatuok egiten dugun lanari: militarrak epaitzeko eskatzen dugunean, gerra juridikoa egiten ari garela diote.

Haiek esaten dutenez, gerrillaren estrategiaren parte gara abokatuok, eta estatuaren erakundeei zilegitasuna kentzea da gure xedea. Estigmatizatu egin gaituzte, terrorista gisa tratatuta. Esaten duguna zilegitasunik gabe utzi nahi dute. Horrez gain, mehatxuak pairatzen ditugu, gure etxeetan sartzen dira, kaletik atzetik segika ibiltzen dira, informazioa lapurtzen digute... Larderia mota askotarikoak dira; denak, oso larriak.

Noiz azaleratu zen epaiketaz kanpoko hilketen auziaren galdera?

2002 eta 2010 artean, 3.512 epaiketaz kanpoko hilketa dokumentatu ditugu. NBE Nazio Batuen Elkarteak ere ontzat eman du datu hori. Nazio osoan izan ziren kasuak, eta modus operandi bera erabili zuten kasu guztietan. Armadak borrokalariak ez ziren pertsonak erail zituen, borrokaldian hildako gerrillariak zirela esanda, eta horri positibo faltsu deitu zaio. Hiztegi juridikoaren arabera, hori epaiketaz kanpoko hilketa sumarioa da.

NBEn, AEBetako Kongresuaren eta Europako Parlamentuan egindako presioaren ondorioz, gobernuak neurriak hartu behar izan zituen, eta positibo faltsuen kasuek berehala behera egin zuten. Hortaz, frogatuta gelditu zen hilketak egitea gobernuak agindu zuela.

Nola doa kasu horren inguruko ikerketa?

Gaur egun, kezka nagusia zigorgabetasunarena da, justizia oso kasu gutxi ikertzen ari delako. Zuzenbide zibilaren arabera, 148 militar baino ez dituzte kondenatu, denak oso gradu baxukoak. Guk eskatzen dugu goi mailako buruzagi militarrak ikertzeko, agindu horiek norbaitek eman zituelako. Horregatik ari dira Zigor Foru Militarra indartzen saiatzen, haiek epaitu ditzaten.

Zenbat pertsonak pairatu du behartutako lekualdaketa Kolonbian, gatazka armatua piztu zenetik ?

Gobernuak berak onartzen du lau milioi pertsona inguru izan daitezkeela etxea eta ondasunak uztera behartu dituztenak gatazka hasi zenetik. Jatorrizko herrietan zeudenean etxea, lurra eta azienda zuten.

Hirietara alde egitean, askotan, karitatetik jaten hastea beste erremediorik ez dute, gobernuak lehen hiru hilabeteetarako diru laguntza baino ez dielako ematen. Orain, biktimen legearekin ordaintza integrala izango dutela esaten zaie, baina bi arazo daude: alde batetik, kalte ordain ekonomikoak oso txikiak dira; eta, bestetik, euren herrietara bueltatu ahal izateko lurraren jabetza titulua emango dieten arren, paramilitarren kontrola oso handia da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.