KOLONBIA

«Gobernuak indigenen onarpena ezabatu nahi du Konstituziotik»

2004ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Kolonbiako Indigenen Erakunde Nazionala 1982an sortu zen, eta herri indigenen borroka lau puntutan oinarritu: batasuna, lurra, kultura eta autonomia. Biziraupena arriskuan ikusita, martxan jarri dira.

Zerk eragin zuen Calirako martxa antolatzea?

Kolonbiako herri indigenok historian zehar zenbait aurrerapen egin ditugu, Gobernuak Konstituzioan onartu ditu gure eskubideak, herrialde multikulturaltzat aitortzen du. Baina onarpen instituzional hori herri indigenek daukaten bizitza eta errealitatearekin alderatuz gero, ikusten dugu zenbait herri desagertzeko arriskua handiagoa dela, ez dela beren autonomia errespetatzen, eta Gobernua indigenek eskuratutako onarpena ezabatzeko legearen erreformak egiten ari dela. Bestalde, gatazka armatua dago, zeinak arriskuan jartzen duen indigenen irautea. Ez dugu ikusten Gobernuak borondate politikorik duenik gure arazoak konpontzeko. Gure herriak mehatxatzen dituzten gertakari hauen inguruan desadostasuna azaltzeko antolatu dugu martxa hau.

Nolakoa izan zen Uriberen gobernuarekin joan den astean eduki zenuten elkarrizketa?

Uriberen gobernuak martxa ez egitera limurtu nahi gintuen, Uribek dio guk azaldutako hiru puntuak gezurra direla, guk alderdi politiko bat eratu nahi dugula. Ez da hala. Gure martxak kutsu politikoa du, Gobernuaren politika aldatu nahi dugulako herri indigenak bakean bizi daitezen, ez alderdi politiko bat eratzeko.

Nola ikusten duzue herri indigenen etorkizuna? Honelako ekimenek indigenen errealitatean eragin dezaketela uste al duzue?

Pentsaera aldaketa baldin badago herritarren aldetik, eta Estatuaren aldetik, uste dugu behin- behineko etorkizuna badagoela, ez soilik guretzat, herritar guztientzat baizik. Baina gauzak orain dauden bezala, etorkizuna oso iluna da. Indigenen herri batzuek ehun baino lagun gutxiago dauzkate, desagertzeko arriskua oso handia da. Egoera honek asko kezkatzen gaitu.

1991ko Konstituzioan indigenen eskubideak onartzen dira. Baina zein da errealitatea?

Errealitatea da legea ez dela aplikatzen, eta mobilizatu beharra daukagula entzun gaitzaten, legea ezar dezaten. Horrez gain, Kolonbiako Gobernuak erreforma batzuk egin nahi ditu onartuta dauden eskubide horiek atzera botatzeko.

Indigenek beren buruzagien kontrako jazarpena salatu dute. Zertan datza jazarpen hori?

Indigenoi polarizatzea exijitzen zaigu, gatazkaren alde bat hautatzea. Indigenok ez dugu armarik hartu nahi, ez dugu gatazka armatuan parte hartu nahi. Azken aldian 300 buruzagi indigena baino gehiago atxilotu dituzte. Kolonbiako indigenen egoera oso larria da, eta honetan ardura handia dauka Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.