Iragarriko dutena PSOErekin eta Ciudadanosekin adostuta dagoela esan zuen atzo Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak. Bilduta dago Ministroen Kontseilua, baina, prentsari helarazi diote argudioen txostena. Han ez ditu zehazten neurriak, arrazoiak baizik. Baina, filtrazioen arabera, ogasuna, mossoak eta TV3 dituzte jopuntuan, eta hauteskundeak deitzeko asmoa dute.
Hamar orritako dokumentua da, eta han, jasota daude Rajoyk Puigdemonti "legalitatera itzultzeko" aginduz bidalitako rekerimentuak, eta hark elkarrizketa eskainiz emandako erantzunak.
Eta lau arrazoi nagusi biltzen ditu Ministroen Kontseiluaren testuak: "Konstituzioaren eta Estatutuaren legalitatea ezartzea"; "neutralitate instituzionala" berrezartzea, "gizartearen ongizatea eta hazkunde ekonomikoa" mantentzea, eta "katalan guztien askatasun eta eskubideak bermatzea".