Gobernuaren jarrera salatu dute milaka lagunek Grezian

Sindikatuen deialdiak erantzun handia izan du herrialde osoan, baina manifestarien eta Poliziaren arteko liskarrak ere izan dira

2008ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bosgarren egunez jarraian, kale indarkeria handiak izan zirelarik atzo Grezian, Gobernuaren jarrera salatzeko baliatu zuten milaka herritarrek langile sindikatuek deitutako greba orokorra. GSEE eta ADEDY sindikatuek deitutako lanuzteek herrialdearen jarduera gehienen etetea eragin zuen. Ikastetxeak, erietxeak, administrazioak eta bestelako zerbitzu publikoak, aire eta tren garraioak eta bankuak handizki ukitu zituen grebak. «Greba orokorrak ia herrialde osoa gelditu du; parte-hartzea izugarria izan da», adierazi zuen arlo pribatuko sindikatu handiena den GSEEko eledun Stathis Anestisek. Arlo publikoan ere ondorio handiak eragin zituen grebak, ADEDYk, deialdia egin zuen beste sindikatuak, biltzen baititu alor ugaritan diharduten Greziako bost milioi funtzionarioen erdiak.

Sindikatuek grebara deitu zuten Grezian pairatzen den egoera ekonomiko eta sozial larriaren aurka protesta egiteko. Horien iritziz, azken urteotan herrialdea kudeatu duten gobernu kontserbadoreek bultzatutako erreformek langileriaren eta herritar xumeenen egoera are zailagoa egin dute. Sindikatuek diotenez, bosgreziarretik bat pobrea da.

Greziako lehen ministro Kostas Karamanlisek greba orokorra bertan behera uzteko eskatu zien antolatzaileei, herrialdean azken egunotan bizi duten indarkeria giroa ez areagotzeko argudioarekin. Izan ere, joan den larunbatean Poliziak 15 urteko gazte bat tiroz hil ondoren, kale borroka bortitzak piztu dira. Gaztearen hilketa salatzeaz haratago, indarkeria horiek gizartearen gaitzaldiaren seinale direla iritzi dio oposizioak. «Karamanlis eta bere gobernua dira gure herrialdean zabaltzen ari den jazarraldi honen errudunak» adierazi du Pasok alderdi sozialistako eledun George Papakonstantinuk.

Bestetik, Alexandros Grigoropulos gaztea hiltzeaz akusatutako 37 urteko polizia epaileen aurrera eraman zuten atzo. Epainondas Korkoneasek adierazi duenez, «bere burua defendatzeko» egin zuen tiro lurrera eta airera, baina «inor hiltzeko asmorik gabe». Horretaz gain, poliziak nabarmendu du hildako gazteak lehendik ere eragin zituela antzeko istiluak. Balak lurrean punpatu ostean jo zuela gaztea berretsi du akusatuaren abokatuak.

Borroka gogorrak

Atenasen langileek egin zuten manifestazio jendetsuaren amaieran, polizia indarrekin borroka gogorrak izan ziren. Greziako bigarren hiri handiena den Salonikan ere istiluak piztu ziren. Gazteen eta segurtasun indarren artean liskarrak egon ziren, astearte gauean zein atzo, Kalamata, Larissa, Loanina, Patras, Volos eta Zante hirietan, besteak beste.

Indarkerien ondorioz, saltoki eta lantegi ugarik txikizioak jasan dituzte. Hala, Atenasko Merkataritza eta Industria Elkargoak eginiko lehen zenbaketaren arabera, 435 enpresa kaltetuak izan dira. Horri aurre egiteko, Gobernuakiragarri dukalte-ordainak emango dituela: 10.000 euro dendarientzat eta 20.000 enpresentzat.



EBko langabezia tasa handiena, etorkizun goibela, agintarien gaitasun eza eta ustelkeria dira Greziako gazteak haserrea kaleratzera eraman dituzten arrazoiak.

Gazteria amorru bizian

A.S.

Poliziak gazte bat tiroka hiltzearen ondorioz Grezian piztu den jazarraldi gogorrak agerian jarri du herrialdeko gazteriaren ondoez sakona. Ezker muturreko joera politikoak aspalditik indartsu daude, batez ere ikasleen munduan, baina azken egunotan bizi den matxinadak urrunagoko gizarte arloak ukitzen ditu. Giza sail ertaineko gazteak ere kalera irten dira, Poliziari aurre egiteko. Horrek nabarmen erakusten du ondoeza jasan ezineko neurrira iritsia dela.

Gazteriak, lehenik eta behin, ekonomia egoera neketsua bete-betean pairatzen du. Nahikoa da jakitea han dela topatzen 16 eta 24 urte bitartekoen langabezia tasa altuena, azken datuen arabera, %22,9koa. Goi ikasketak egin dituzten gazteek ere neke handiak dituzte lana aurkitzeko, eta lortzen dutelarik lan sari oso apalak onartu behar dituzte, nahitaez. Denbora berean, gobernu agintarien artean, gaitasun eskasia eta ustelkeria oso agerikoak dira.

Gazteriaren zati handi baten amorru bizia oldar egitera eramatea lortu dute ezker muturreko taldeek. Adituen arabera, kale borrokara deliberatuta eta trebatuta dauden ezker muturreko eta anarkista jarraitzaileak 2.000 eta 3.000 inguru dira. Horietan oinarritu dira iraganean eta gaur egun ere indarkeria politikoa erabili eta erabiltzen duten erakundeek. Hala, Azaroaren 15eko Taldeak eta Borroka Iraultzailea izeneko erakundeek ezkutuko ekintza andana burutu dute urteotan. Horietatik azkena izan zen Ameriketako Estatu Batuek Atenasen duten enbaxadaren kontrako atentatua, iazko urtarrilean.

Poliziaren jardunaz eztabaida

Dimitris Beladis gizarte ikertzailearen iritziz, ezker muturreko eta anarkista taldeen jarduerak lagundu du irakiten ari zen gazteriaren amorru bizia lehertzen. Ikertzaileak hala azaldu du: «Amorru bizi hori hazi egin du langabeziak eta gutxi ordaindutako lanpostuek sortu duten egonezinak».

Iannis Panussis kriminologoaren ustez, berriz, segurtasun indarrek azken egunotako indarkeria oldearen hasieran erakutsitako jarrera mantsoak lagundu egin du jazarraldia handitzen. «Argi dago agintariek ez dutela, hasiera batean behintzat, gogorregi jokatu nahi izan, gazteriaren erradikalizazioa ez hazteko; horrek agerian ezartzen du demokrazia berrezarri zenetik [1974a] jardun duten aginte ororen aldetik tolerantzia badagoela ezker muturreko edo anarkista ekintzaileen aldera, horiek urteotan hainbat eraso burutu dituztelarik alor publiko, ekonomiko eta diplomatikoetako jomugen aurka».

Greziako segurtasun indarren ustezko mantsotasunaren iritziarekin ez du bat egiten, ordea, Amnesty International giza eskubideen defentsarako nazioarteko erakundeak. Izan ere, herenegunzabaldutako azterketa txosten batean, AIk argi salatu du Greziako Poliziak oso bortizki jardun dutela manifestari gazteen aurka.

Grezian, aginteen aldetik indarkeriaz jokatzeko dagoen ohitura ere nahikoa argi utzi zen Europako mendebaldeko azken estatu kolpe militarra herrialde honetan gertatzeak 1967. urtean. Diktadura militarra indarrean egon zen 1973a arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.