COP25

Goi bilera berdez mozorrotzeko erabili dute hainbat enpresak

Kutsatzaile handiak daude COP25 klimaren goi bilera publizitate truke lagundu duten konpainien artean

inaki petxarroman
2019ko abenduaren 10a
14:37
Entzun

COP25 klima aldaketaren inguruko goi bilerarako bidean, metroan bertan ikusten dira zuriketa berdearen lehen adibideak. Accionaren publizitate jasa dago, esaterako, Ifema Madrilgo aretoko geltokiko korridoreetan. Metrotik irten eta Iberdrolaren iragarkiak daude, eta Coca-Colak ere ez du aukera hau galdu nahi.

Goi bilerako gune berdearen barruan, berotegi gasen isurtzaile handienetako batzuk ari dira aurpegi berdea erakusten. Suez frantziarra eta Iberdrola aurrez aurre daude han, eta, haien ondoan, Espainiako Estatuari egozten zaizkion berotegi gasen %10en arduraduna eta kutsatzaileetan lehena: Endesa.

Izan ere, Espainiako Gobernuak denbora errekorrean antolatu du COP25 goi bilkura, baina antolakuntza lan hori ez da doakoa. 50 milioi euro behar izan ditu horretarako, eta hor sartzen da sustatzaileen rola. Azken batean, energiaren alorreko enpresa erraldoi horiek bina milioi euro jarri dituzte. Haiekin batera, Ibex-35eko beste zenbait konpainiak ere baliatu dute goi bileraren plaza aurpegia garbitzeko. Hemen dira, esaterako, Santander, BBVA, Iberia, Sabadell, Iberostar eta beste batzuk.

Besteak beste, panel informatiboak, hitzaldiak eta bestelakoak eskaintzen dituzte multinazionalek COP25eko gune berdean, eta «mugikortasun iraunkor eta garbia» delakoaren inguruko erakustaldiak egiten dituzte.

Multinazional kutsatzaileen zuriketa berde hori salatzeko, hainbat ekintza egin dituzte azken egunotan Madrilen. Extintion Rebellion taldeak, adibidez, protesta ikusgarri bat egin zuen atzo: klima larrialdia eta itsasoaren mailaren gorakada irudikatzen dituen ontzi hori batekin, COP25era sartzeko kalea blokeatu zuten. Ekintzaileak ontzira kateatu ziren lepotik. Protesta «Amazoniako herri indigenekiko elkartasun ekintza» izan zela esan du taldeak, herriok direlakoan «munduko bioaniztasunik handiena duen eskualdeko oihaneko zaindariak». Protestariek «klima justizia» eskatu zuten, Amazonia mehatxatzen duten hainbat konpainia erraldoien publizitate afixen begiradapean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.