Pakistango zuzenbidearen arabera, presidentea legebiltzarrek aukeratu behar dute. Horregatik, presidentetzarako bozak datorren urtean egingo dituzten hauteskunde parlamentarioen aurretik antolatzea gogor kritikatu du oposizioak. Haren iritziz, bozei zilegitasun demokratikoa kentzen diehorrek. PML-Q alderdiak legebiltzarretan gehiengoa duenez, Musharrafek jasoko ditu aldeko boto gehien. Bestaldean, Wahijuddin Ahmed abokatuen kolektiboko hautagaiak eta Makkdum Amim Fahim PPP -P Pakistango Herriaren Alderdiko presidenteordeak, oposizioko hautagaitzak osatzen dituzte.
GORENAREN EBAZPENAREN ZAIN. Gorenean helegitea aurkeztu duen Ahmed hautagaiaren abokatua Mahmud Tariqen hitzetan, «erdizkako garaipena» izan da Auzitegi Gorenak bozen gainean hartutako erabakia, hau da, Musharrafen hautagaitzaren gainean ebazpena eman bitartean, emaitzen publikazioa debekatzearena. Halaber, armadako buru dela presidente hautagaitza aurkeztearen legezkotasuna zalantza jartzen duela uste du. Bestalde, baikor agertu da Gorenak hartuko duen erabakiaren gainean: «Bihar [Musharraf] aukeratzen badute ere, ez du agintea hartu ahal izango». Auziaz arduratzen den epaimahaiko hamarretik lauk Musharrafen aurka egingo dutela uste du, aurreko beste hainbatetan egin duten bezala.
«Presidentearen hautaketa aurreikusi bezala, urriaren 6an egingo da eta eta [hauteskunde] prozesuak ez du atzerapenik izango», agindu zuen atzo Auzitegi Gorenak. Oposizioaren alegazioak aztertzen jarraitzeko denbora gehiago hartuko duela aurreratu zuen, halaber.
Malik Qayyum Estatuko fiskal nagusiak aditzera eman duenez, Goreneko magistratuek hilaren 17an helduko diote berrio Musharrafen auziari, hain zuzen, Ramadanari bukaera ematen dion Eid festa amaitzearekin bat. Auzibideari heldu, eta aste bete inguru beharko dute epaileek azken ebazpena emateko. Orduan jakingo da ea, bozketan garaile ateratzen bada behintzat, Musharrafek presidente kargu hartzen duen ala ez.
BHUTTOREKIKO AKORDIOA. Gorenaren aginduak, presidente kargua hartzeko eguna atzeratzeaz gain, bestelako ondorio politikorik ere ekarriko du. Benazir Bhutto Pakistango lehen ministro ohi eta egun erbestean bizi den PPP-P alderdiko buruzagiaren asmoetan eragingo du, besteak beste. Hain zuzen ere, Musharrafek 1990ean kargua hartu, eta Bhuttori egotzi zizkion ustelkeria kasuengatik ez auzipetua izateko akordioa sinatu zuen herenegun presidentearekin. Hori hala izan dadin, ordea, Gorenak Musharrafen aldeko ebazpena eman beharko du.
Bhuttok urriaren 18an zuen Londrestik Pakistanera itzultzeko asmoa, Gorenak hartu beharreko erabakia atzeratzearekin, aldiz, itzulera bera ere atzeratu egin beharko du Bhuttok.
Datorren urtean Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte Pakistanen. Bhuttoren itzulera eta Musharrafek horren aurkako salaketak barkatzeko hartutako erabakia zuzenean daude lotuta bozketa horiekin. Orain arte behin betiko akordio batera iritsi ez badira ere, Bhuttok Musharrafi sostengua emango lioke, hark, trukean, lehen ministro kargura itzultzen utziko balio.
Oposizioaren presiopean eta krisi politikoaren barne egingo dituzte bozak
i.z.Pervez Musharrafek 1990an estatu kolpearekin Pakistango agintea hartu zuenetik, herrialdeko oposizio islamista eta liberala indartu egin dira. Nawaz Sharif eta Benazir Bhutto oposizioko bi alderdietako buruzagiak erbestean, aginte osoa bere esku izan du Musharrafek urtetan. Aurten gauzak okertu baino ez zaizkio egin, ordea, eta herrialdeko krisi politikoak goia jo du. Presidentziarako bozen egunean, Musharrafen hautagaitza Konstituzioarekin bat datorren edo ez erabakitzeke, hauteskundeen ondotik ere polemikak eta krisiak jarraituko dutela pentsatzera eramaten dute .
Iragan martxoan Musharrafek Iftikhar Chaudhry Auzitegi Goreneko presidenteari botere gehiegikeriaz jokatzea egotzi zion, eta horregatik, kargugabetzea erabaki zuen. Abokatu taldeek eta oposizioak kalera egin zuten orduan, protesta egiteko. Egoera are kontrolagaitzago bihurtu zitzaion presidenteari talde islamista batek uztailean Islamabadeko Mezkita Gorria hartu zuenean. Hainbat egunetan mezkita Pakistango armadak setiatuta eduki ondoren, soldaduen ezusteko eraso batean ehun lagunetik 300 pertsona arte hil zituzten. Gobernuak hartutako erantzun bortitza gogor kritikatu zuten islamistek, eta ordutik, erasoak ugaritu baino ez dira egin.
Presidentetzarako hauteskundeen atarian, borroka kaleetatik auzitegietara zabaldu da. Hain zuzen ere, Musharrafek bere hautagaitza aurkezteko asmoa agertzearekin bat, armadako buru den bitartean presidente kargua hartzea Konstituzioaren kontrakoa izana salatu du oposizioak. Tirabira juridiko eta estrategia politikoen erdian, Gorenak ez du oraindik azken erabakia hartu.