Gaur goizean Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak argitaratu duen epaia kolpe gogorra izan da Boris Johnson lehen ministroarentzat. Johnson New Yorken da, Nazio Batuen Erakundearen Klima Ekintzarako Goi Bileran, eta bertan adierazi du auzitegiaren erabakia "errespetatuko" duela, epaia kritikatu duen arren. Adierazi duenez, Parlamentuaren jarduna etetea "erabaki zuzena" izan zen.
Jeremy Corbin Alderdi Laboristako buruak Johnsoni eskatu dio "bere posizioaz hausnartzeko", zeharka haren dimisioa eskatuz. Ildo beretik, kargua uzteko esan dio Alderdi Liberal Demokratikoko liderrak, Jo Swinsonek, baita Eskoziako alderdi nagusiek ere. NBEren gailurra amaitu ostean itzuliko da Johnson Londresera, baina, Sky News-en arabera, ez du dimisioa aurkezteko asmorik.
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak indargabetu egin du Parlamentua ixteko Johnsonen erabakia: aho batez ebatzi du jarduna eteteko neurria legez kanpokoa dela. Auzitegiak lehenetsi egin du Parlamentuaren ahalmen legegilea eta gobernuaren kontrolerako jarduna, gobernuaren erabakiaren gainetik. Magistratuek gaineratu dute Parlamentua bost astez ixteko erabakiak eragotzi egin duela akordiorik gabeko brexit-a saihesteko diputatuen asmoa. Adierazi dutenez, gobernua ez da gai izan bere erabakia justifikatzen duten arrazoi sendoak aurkezteko.
Legez, dagoeneko bil daitezke bi ganberak. John Bercow parlamentuko presidenteak azaldu duenez, agindu du jardunari bihar bertan ekiteko, ganbera osatzen duten alderdietako buruekin hitz egin ostean. Diputatuak "denborarik galdu gabe" biltzearen alde egin du, une "erabakigarri" honetan "gobernua kontrolatu eta ministroei azalpenak eskatzeko". Hori bai, biharko saioan ezingo dute asteroko galdera saioa egin lehen ministroarekin, hura New Yorken dela eta.
Epai ezberdinak
Johnsonek Komunen Ganbera irailaren 10etik urriaren 14ra arte itxi zuen, bere legealdiko agenda osatzeko denbora behar zuela argudiatuta. Oposizio osoa agertu zen erabakiaren aurka, haien iritziz helburua bat eta bakarra baitzen: diputatuek ahalik eta denbora gutxien izatea akordiorik gabeko brexit-a eragozteko. Arrazoia eman die Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, adierazi duenez "[Johnsonen erabakiak] eragin duen ondorioa parlamentuak bere eginbehar konstituzionalak ez betetzea" izan baita.
11 epailek aztertu dituzte Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiak eta Eskoziako Apelazio Auzitegiak eman zituzten epaiak. Kontrajarriak ziren bi auzitegi horien ondorioak: Ingalaterrakoaren eta Galeskoaren arabera, legezkoa izan zen itxiera, eta Eskoziakoaren arabera, berriz, legez kanpokoa.
Urtero itxi ohi da parlamentua Erresuma Batuan, baina aurten erabakiak polemika sortu zuen herrialdean bizitzen ari den garai politikoa dela eta; urriaren 31 da brexit-a gauzatzeko ezarritako eguna. Parlamentuak egindako azken batzarrean —irailaren 9an— adostu zuten legea dela eta, Europarekin akordioa urriaren 19a baino lehen sinatzen ez bada, atzeratu egin beharko du irteera Johnsonek. Gaur adierazi du garrantzitsuena brexit-a gauzatzea dela.