MUNDUA

Gose greban dira Mursiren aldeko 179 preso, espetxeetako tratu txarrak salatzeko

Gaur bete da hilabete bat armadak presidente ohia kargutik kendu eta konstituzioa baliogabetu zuenetik. Dozenaka hildako eta ehunka atxilotu izan dira uztailaren 3az geroztik. Amnistia Internazionalak salatu du Mursiren aldekoek haren aurkako hainbat lagun torturatu dituztela.

jon olano
2013ko abuztuaren 3a
14:36
Entzun

Egiptoko militarrek Mohamed Mursi gobernuaren presidentetzatik kendu eta hilabetera, istiluek ez dute etenik. Bart gauean, dozenaka pertsona zauritu dira Mursiren aldekoen eta kontrakoen arteko liskarretan, Kairon.

Osasun Ministerioaren arabera, ez da hildakorik izan, eta 23 dira zauritutakoak. Mena albiste agentziaren arabera, ordea, pertsona bat hil da protestetan. Anaia Musulmanek, berriz, esan dute 150 inguru direla zauritutakoak, eta "neurriz kanpoko indarkeria" erabili izana egotzi diote Poliziari.

Indarkeriak espetxeetako hormak ere gainditu ditu. Mursiren aldeko 179 presok gose greba hasi dute, espetxeetan funtzionarioen aldetik jasotako tratu txarrak salatzeko.

Bestalde, "demokrazia" baztertzeko eskatu die Ayman al Zawahiri Al Qaedako buruzagiak islamistei, eta Egiptoko kristauei eta AEBei egotzi die Mursiren kargugabetzearen atzean egotea: "Zilegitasuna ez dago hauteskundeetan eta demokrazian, sharian baizik".

Amnistia Internazionalak, berriz, salatu du Mursiren aldekoek hainbat lagun torturatu dituztela; kasu batzuetan, hiltzeraino. Mursiren kontrako protestetan izandako hainbat pertsonak erakundeari ohartarazi diote Mursiren jarraitzaileek jo, deskarga elektrikoak eman eta labankatu egin dituztela.

Ekainaren 30ean Mursiren aurkako protestak hasi zirenetik, tortura zantzuak zituzten zortzi gorpu jaso dituzte Kairoko gorputegian. Horietako bost, Mursiren aldekoek kanpalekuak antolatu dituzten guneetatik gertu topatu dituzte.

Hilabete nahasia

Dozenaka lagun hil eta ehunka atxilotu dituzte armadak Mursi kargutik kendu zuenetik. Uztailaren 8an eta 27an gertatutakoak izan dira larrienak; hilaren 8an, 51 manifestari hil zituzten Anaia Musulmanen aldeko protesta batean. Militarrek egin zuten tiro, baina "talde terrorista bat" egin zuten erantzule. Uztailaren 27an, berriz, Anaia Musulmanek eta armadak bertsio kontrajarriak izan zituzten, baina biek esan zuten dozenaka zirela hildakoak Mursiren aldeko protesta batean.

Hilaren 26an, Mursi espetxeratzeko agindu zuen Kairoko Apelazio Auzitegiko Hasan Samir epaileak. Hamasekin lotura izatea egotzita espetxeratuko dute. Halaber, 2011ko urtarrilean Kairoko Uadi Natrun espetxean izandako ihesaldia Hamasekin batera antolatu izana leporatu diote presidente ohiari. Mursik berak ihes egin zuen ekintza horretan, artean Hosni Mubarak agintean zela —hilabete bat geroago utzi zuen kargua—.

Hilaren 30ean, berriz, Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako ordezkaria joan zitzaion bisitan Mursiri. Bi orduko bilera egin zuten, eta bertan zer hitz egin zuten ez da informaziorik argitaratu kasik. Presidente ohia "ongi" dagoela eta telebista ikusteko zein berripaperak irakurtzeko baimena duela nabarmendu zuen EBko ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.