Krajinako eskualdetik serbiarrak kanporatzeko Kroaziak 1995ean egindako erasoaren harira zigortu dute Ante Gotovina Kroaziako jeneral ohia. Gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin zituela frogatutzat jo du Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak. Hori horrela, 24 urteko kartzela zigorra ezarri dio Gotovinari.
Mladen Marka jeneral ohiari, berriz, hemezortzi urteko zigorra ezarri dio auzitegiak, serbiarrak kanporatzeko erasoan laguntza emateagatik. Auzi horretako hirugarren akusatua, Ivan Cermak militarra, aldiz, absolbitu egin dute. Izan ere, bere aginduetara zeudenak zer egiten zuten jakiteko modurik ez zuela erabaki dute epaileek, ezta horiek kontrolatzeko ahalmenik ere.
Ekaitza izenez bataiatu zuten serbiarrak kanporatzeko egin zuten operazio militarra. Serbiarrek 1991n aldarrikatutako lurrak berreskuratu zituzten erasoaldi artan. Horretarako, baina, 700 eta 1.900 serbiar inguru hil zituztela uste da, oraindik datuak guztiz argitu ez dituzten arren. 200.000 inguru etxetik alde egitera ere behartu zituzten; izan ere, horien etxeak erre zituzten Balkanetako gerrako erasoaldi hartan.
Kroaziar askorentzat, baina, heroi bat da Gotovina jenerala, serbiarrek indarrez hartutako lurrak berreskuratzea lortu zuelako. Atzo, hain justu, Zagrebeko plaza nagusian ehunka jarraitzaile bildu ziren pantaila erraldoi baten bidez epaiketa zuzenean ikusteko. Defentsak eskatu bezala, absoluzioa desio zuten han bildutakoek; izan ere, Gotovinaren abokatuen arabera, jeneral ohiak Bosnia eta Kroaziaren arteko gerrari amaiera ematen lagundu zuen. Hori horrela, zigorraren ordez laudorioak merezi dituela azaldu dute. Epaileek, baina, zibilen aurka erasoak agindu zituela adierazi dute, eta, horrexegatik, 24 urteko kartzela zigorra ezarri diote.
«Aberria defendatu besterik ez zuen egin», adierazi du Zagreben bildutako lagun batek zigorraren berri jakin ostean. Antzera pentsatzen zuten han bildutako ehunka lagunek. Gaur, hain justu, gerra hartako soldaduek manifestazioa egingo dute Zagreben euren jenerala izan zena omentzeko.
Gobernuaren helegitea
Jadranka Kosor Kroaziako lehen ministroak eta Ivo Josipovic presidenteak ere epaileen erabakia gaitzetsi dute, eta helegitea jarriko dutela iragarri dute. Krajinako erasoaldia «legezkoa eta bidezkoa» izan zela adierazi dute biek. Izan ere, euren hitzetan, Belgradotik zuzendutako eraso baten defentsan jarri zuten martxan Ekaitza operazio militarra.
Serbiarren artean, aldiz, pozez hartu dute epailearen erabakia. Gotovina zigortu izana eskualdean adiskidetzeko urrats bat dela adierazi dute. Kroaziako serbiarren Veritas erakundeko Savo Strbcek, hain justu, erabaki horrek serbiarrek eskubideak berreskuratzeko balioko duela adierazi du. Kroaziak «iragan ilunari» aurre egin beharko diola gaineratu du. Era berean, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiaren irudia hobetzeko ere balioko duela azaldu dute.
Gotovina atxilotzeko agindua 2001ean eman zuen Hagak, Krajinako gertakariak ikertzen hasi zenean. Militarrak, ordea, nazioartera ihes egitea lortu zuen, eta ez zuten 2005. urtera arte hura aurkitzea lortu. Espainian atxilotu zuten.
Herrialdetik ihes egiten nork lagundu zion oraindik argitu ez badute ere, Kroaziako zerbitzu sekretuak epaileak bere atzetik zituela jakinarazi ziotela uste da. Bruselak, hain justu, haren atxiloketa jarri zion Kroaziari Europako Batasunean sartzeko baldintza gisa.
Gotovina Kroaziako jeneral ohia kartzelatu du Hagak, gerra krimenak egotzita
Kroaziarrak ez datoz bat epaileen erabakiarekin, heroitzat baitute militarra; gobernuak helegitea jarriko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu