KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Grabaketa batzuek agerian utzi dute Madril Kataluniako politikariak ustelkeriarekin nahasten saiatu dela

Público atariak argitaratu duenez, Espainiako Barne ministroa eta Kataluniako ustelkeriaren aurkako bulegoko burua aritu ziren kasu bila. Jakinaren gainean zegoen Mariano Rajoy, kazetaren arabera.

Mariano Rajoy eta Jorge Fernandez Diaz. QUIQUE GARCíA / EFE
2016ko ekainaren 22a
11:24
Entzun

Katalunian eta, neurri apalagoan, Espainian eskandalua eragin dute Público agerkari digitalak argitaratutako grabaketek: horietan, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa ageri da Daniel de Alfonso Kataluniako ustelkeriaren aurkako bulegoko buruzagiarekin hizketan, Kataluniako lider independentista batzuen gertukoen artean ustelkeria kasuak bilatzearen inguruan. Zehazki, Oriol Junqueras, Felip Puig eta Francesc Homs aipatu zituzten, eta, elkarrizketan entzun daitekeenez, CDC eta ERCren arteko akordioan eragitea zen asmoa.

2014koak dira elkarrizketak, eta esplizituki aipatzen dituzte ikerketak. De Alfonso: "Gu ERCren gauzak ikertzen ari gara, baina oso ahulak dira. Hori da egia, ministro. Oriol Junquerasen anaiari eginiko lau adjudikazio ditugu. Saiatzen ari naiz Planeta Taldea konbentzitzen iker dezan, ez dadin susmagarria izan".

Zehazki, PSC, ERC eta ICVk osatutako hiruko gobernuen garaiko diru laguntzen inguruan galdetu zion Fernandez Diazek. De Alfonsok erantzun zion, ordea, adjudikazioek gehiago nahasten zituztela PSCk gobernatutako udalak ERCrenak baino. Hala ere, ERCren inguruko kasuetan temati ageri da Fernandez Diaz: "Baina Junquerasen anaiaz ari gara...".

Asteartean argitaratu zituen grabaketak Público-k, baina, gaur argitaratu duenez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea jakinaren gainean zegoen. Fernandez Diazek hala esan zion: "Honen berri emango diot zuk badakizun horri". Ematen dituen xehetasunak kontuan hartuta, Rajoyren inguruan ari zen Fernandez Diaz.

ERCk eta CDCk Fernandez Diazen eta De Alfonsoren dimisioa eskatu dute. Ministroak "errespetua" eskatu du bientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.