IAC sindikatuak deitu du greba orokorraren aukera aztertzeko bilerara. Harekin batera, neurria hartzearen alde agertu dira CGT eta Intersindical-CSC sindikatuak ere. Aldiz, bilerara joateari uko egin diote CCOOk eta UGTk. Sindikatuez gain, greba orokorra iragartzearekin ados agertu dira ERC, Catalunya en Comu, Podem eta CUP alderdiak; Omnium eta ANC elkarte subiranistak, eta hainbat gizarte mugimendutako ordekariak.
Eragileek greba orokor hori prestatzeko lanean hastea erabaki dute, eta berriz bilduko dira hurrengo astean. Erreferendumaren aurretik grebara deitzeko aukera baztertuta dago, administrazioari hamar egun aurretik eman behar zaiolako abisu.
Greba deialdia egiteko datak eztabaidatu beharko dituzte orain, eta mobilizazioaren mezu eta helburuan ere ados jartzeko ahalegina egingo dute. Alde horretatik, desberdintasunak baieztatu dituzte, eragileen artean. Batzuen ustez, grebara erreferendumaren aurretik deitzeak aditzera eman dezake erreferenduma egitea posible izango ez delako ideia. Aldiz, beste batzuen ustez, urriren 1aren aurretik mobilizatzen jarraitzea beharrezkoa izango da, erreferenduma egiten baldin bada Madrilek ez dituelako emaitzak onartuko. Batzuek independentziaren aldarrian jarri nahi dute indarra; beste batzuek, eskubideen defentsan eta Espainiako Estatuaren errepresioaren salaketan.