Syrizak gobernua osatu eta Greziak euroa izateari utziko balio, Grezia gabe ere euroguneak eutsiko liokeela uste du Alemaniako Gobernuak. Der Spiegel-ek gobernuko iturriak aipatuz argitaratutako artikulu baten arabera, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Wolfgang Schauble Finantza ministroak posible ikusten dute Grezia eurogunetik irteteko aukera, orain arteko posizioa aldatuz.
Abenduaren 29an egin zuten Greziako Parlamentuan herrialdeko presidentea aukeratzeko hirugarren eta azken bozketa, eta bertan, Stavros Dimas hautagai kontserbadoreak ez zuen behar zuen babesa eskuratu -300 parlamentaritik 180k haren alde bozkatzea behar zuen, eta 168k eman zioten botoa-. Hauteskundeetara deitu zuen egun berean Andonis Samaras Greziako lehen ministroak urtarrilaren 25erako.
Inkestek Syriza ezkerreko koalizioa jotzen dute faboritotzat. Abenduaren 29an eta 30ean -Dimasek gehiengoa lortu ez eta Samarasek bozetara deitu ostean- eginiko inkesta baten arabera, botoen %30,4 jasoko lituzke Syrizak, eta %27,3 Demokrazia Berria indar kontserbadoreak.
Krisiari aurre egiteko burujabetza nazionala defendatzen du Syrizak, eta berriz negoziatu asmo ditu Greziako Gobernuak Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin adostutako erreskate planen baldintzak. Baina horrekin batera, Greziak euroa izaten jarraituko lukeen da zalantza nagusietako bat.