ND Demokrazia Berriak, Pasok sozialdemokratak eta Dimar zentro ezkerreko alderdiak kontserbadoreekin eta teknokratekin osatu dute batasun gobernu berria. NDko hamahiru ministrorekin eta bost independenterekin osatu dute taldea. «Batasun gobernuaren helburua krisiari aurre egitea da, hazkunderako bideari ekitea eta erreskatearen baldintzak berriz negoziatzea», iragarri dutenez. Hori guztia Greziaren europako ibilbidea arriskuan jarri gabe egingo dutela iragarri dute, eta eurogunearen barruan.
Herenegun iragarri bezala, herrialdeko banku pribatu handieneko burua, Greziako Banku Nazionaleko presidentea izango da Finantza ministroa. Kostas Simitis sozialistaren agintaldian kontseilu ekonomikoko aholkulari izan zen Vasilis Rapanos. Orduan Grezia eurogunean sartzea izan zuen erronka; orain eurogunetik ez ateratzea izango du helburu. Gobernuak iragarri du neurri estrukturalak onartuko dituztela, eta aurrekontu orekatua egiten ahaleginduko direla.
NDko bigarrena, Dimitris Avramopolus, Atzerriko Ministerioaren gidaritzan jarri du Antonis Samaras lehen ministroak. Guztira 40 kideko gobernua eratu du, aurrekoak baino zortzi gutxiago.
Onarpenik gabeko gobernua
Siriza ezkerreko alderdiaren hitzetan, NDk, Pasokek eta Dimarrek osatu duten gobernuak ez du herritarren nahia islatzen. «Eskuineko gobernua da, azken hamarkadatan hartu diren neurri muturrekoenak eta inpopularrenak babestu eta ezarri dituzten indarretan oinarritzen dena», kritikatu du. Finantza Ministerioaren gidaritzarako bankari bat aukeratu izana «adierazgarria» dela salatu du Sirizak, bestalde. Gobernu berrian eratu diren «aliantzen» berri ematen duela gaineratu du.
Bestalde, euroguneko hainbat herrialde Greziari denbora gehiago ematearen aurka agertu dira. Finlandia, Austira eta Herbehereek gogor agertu dira Atenasen eskaeren aurrean. Greziak indarrean dagoen akordioa bete behar duela adierazi du Finlandiako Finantza ministro Jutta Urpilainenek, eta haren Herbehereetako homologo Jan Kees de Jagerrek esan du ez dagoela erreskatearen alternatibarik.
Europatik, baina, ez dira guztiak mezu ezkorrak izan Greziarentzat, Frantziak itxaropenerako tartea zabaldu baitu. «Greziak bere konpromisoak errespetatu beharko ditu, baina, era berean, Europak kontu handiagoarekin jokatu beharko du, herrialdeari hazkundera itzultzen lagundu ahal izateko», esan du Frantziako Finantza ministro Pierre Moscoviscik.
Grezia, kontserbadore eta teknokraten agindupean
NDko hamahiru ministrok eta bost independentek osatu dute gobernu berria; garapena hitzeman dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu