Joan den astelehenean 202 errefuxiatu bidali ondoren, Greziak berriz ekin die deportazioei. EB Europako Batasunaren eta Ankararen arteko akordioari jarraiki, gaur bertze 140 errefuxiatu eraman dituzte Turkiara Lesbos, Kos eta Leros uharteetatik. Astelehenean bezala, errefuxiatu bakoitzeko polizia bat ezarri dute. Turkiako NTV katearen arabera, 9:00etan 45 deportatu ailegatu dira Turkiako Dikili udalerriko portura. Frontex EBren mugen zaintzarako agentziaren arabera, kanporatutako bakar batek ere ez du eskatu babes politikoa EBn. "Azken orduan inork ez dio eskatu gure erakundeko kideei nazioarteko babesa nahi zuenik", adierazi die Ewa Moncure Frontexeko bozeramaileak kazetariei, Lesbosen.
Lesboseko Moria kanpalekutik deportatu dituzte errefuxiatu horiek, eta Morian dauden hainbat pakistandar gose greban hasiak ziren kanporatzeen aurka protesta egiteko. Deportazioen aurkako ekintzaileek eta Lesboseko herritar talde batek ere protesta egin dute gaur Turkiaren eta EBren arteko akordioaren aurka. Poliziak hiru lagun atxilotu ditu Lesbosen, horiek uretara jauzi egin eta errefuxiatuak zeramatzan ontziko ainguraren katetik zintzilikatzen saiatu ondoren, Greziako telebista publikoak erakutsi duenez. Uhartean zeuden manifestariek EB-Lotsa zaitez leloa idatzita zeukaten pankartak erakutsi dituzte.
Kanporatzea, patu bakarra
Urtea hasi denetik Pakistango 5.000 errefuxiatu baino gehiago sartu dira Grezian, datu ofizialen arabera. Siriakoen, Afganistangoen eta Irakekoen herritarren ondotik, 2015ean Pakistangoak ziren EBn babesa eskatu zuten errefuxiatu gehienak. EBren eta Turkiaren arteko akordioaren arabera, hitzarmena sinatu ondoren ailegatutako guztiak kanporatuko dituzte Turkiara —martxoaren 20aren ondotik ailegatutakoak—, baina EBk Siriako kanporatu bakoitzeko Siriako bertze errefuxiatu bat hartuko du Turkiako kanpalekuetatik. Afganistangoen, Irakekoen eta Pakistangoen patu bakarra, ordea, haien herrialdeetara kanporatuak izatea da. Turkiako Parlamentuak jada pausoa eman du Pakistangoak kanporatzeko baimena emateko.