Greziako hamabost manifestarik Poliziaren torturak salatu dituzte

Poliziek jipoitu, azala erre eta umiliatu egin zituztela azaldu diote atxilotutako lagunek 'The Guardian'-i

Erredakzioa
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Greziako hamabost manifestari antifaxistek salatu dute Poliziak bortizki torturatu zituela atxilotu ondoren atxikita eduki zituzten orduetan. Erresuma Batuko The Guardian egunkariak argitaratu du erreportaje bat manifestari horien salaketekin. Horren arabera, jipoi bortitzak eman zizkieten, pizgailuekin azala erre zieten, atxikitako emakumeei sexu irainak egin zizkieten, eta era guztietako umiliazioak pairatu zituzten. Dimitris Katsaris atxilotuetako lauren abokatuak Irakeko Abu Ghraib espetxeko tortura kasuekin konparatu ditu Grezian salatutakoak.

Gertaerak irailaren 30ean izan ziren, Atenasen. Manifestari antifaxistek protesta bat egin zuten Egunsenti Urrekara alderdi neonaziaren aurka, eta istiluetan Poliziak hamabost antifaxista horiek atxilotu zituen. Ondoren, Poliziako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzara eraman zituen. Egoitza horretan torturatu zituztela salatu dute. The Guardian-ek ez du salatzaileen izen-abizenik argitaratu, Poliziak edo Egunsenti Urrekarako kideek haien aurkako ekintzak eginen dituzten beldur baitira.

Hain zuzen, testigantza eman dutenetako batek salatu du poliziek mehatxu egin zietela beraien datuak eta helbideak Egunsenti Urrekarako kideen esku uztearekin. Izan ere, alderdi horrek parlamentuan ordezkaritza duen arren, bertako kideek ezkerreko ideologiako jendearen eta etorkinen aurkako erasoak egiten dituzte, jendaurrean hainbatetan. «Poliziek listua bota zidaten, eta esan zidaten gure aitona-amonak gerra zibilean bezala hilko ginela», adierazi dio batek The Guardian-i. II. Mundu Gerraren ondoren lehertu zen Greziako gerra zibila, Mendebaldearen aldekoen eta komunisten artean.

Beste 25 salaketa

Hamabost salaketa horiei gehitu zaizkie, gainera, atxiloketa horiek salatzeko hurrengo egunean deitutako elkarretaratzean Poliziak atzeman zituen beste 25 manifestarirenak. Horiek ere Poliziako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzara eraman zituzten, eta, diotenez, biluzarazi eta jipoitu egin zituzten. Greziako Poliziako prentsa arduradun Khristos Manurasek salaketa guztiak ukatu egin dizkio The Guardian-i.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.