Dauzkaten lan baldintzak salatzeko asmoz, Greziako komunikabideek lau eguneko greba hasi dute, eta datorren astelehenera arte hedabideek ez dute informaziorik emango. Salbuespena, deialdiari erantzun ez dioten blog batzuk dira.
"Patronalak, gobernuarekin batera, sektoreko lan eskubideak eta gizarte asegurantza kendu nahi ditu", esan du Greziako prentsako sindikatu batzarrak. Halaber, kazetari asko kaleratu dituzte azkeneko hilabeteetan eta horren aurkako protesta egiteko da greba deialdia. Hain zuzen, Grezian dauden zazpi mila kazetarietatik 900 kaleratu egin dituzte.
Komunikabideetako arduradunek sektoreko kazetari eta profesionalei proposamen bat egin zieten duela gutxi, datozen hiru urteetan soldaten %15eko jaitsiera onar dezaten. Baina kazetari federazioek ez dute ontzat jo proposamena.
Grezian informazio orokorreko 23 egunkari daude, sei ekonomikoak eta bederatzi kirolakoak. Duela gutxi Apogevmatini egunkaria itxi zuten. Elefteros Typos egunkaria epe baterako itxi zuten, eta lan taldearen %30arekin itzuli zen.
Sindikatuen arabera, kazetarien lan baldintzak asko okertu dira azkeneko urtean.