mundua

Greziako lehen ministroaren bulegoari tiroz eraso diote

Bala bat aurkitu dute Andonis Samarasen bulegoan. Azken egunetan Greziako Gobernuko alderdien, bankuen eta kazetarien aurkako erasoak izaten ari dira Atenasen eta inguruetan.

2013ko urtarrilaren 14a
11:17
Entzun

Andonis Samaras Greziako lehen ministroaren (Demokrazia Berria) bulegoaren aurka bederatzi tiro egin dituzte lagun batzuek bart, Atenasen. Kalaxnikov fusilekin egin diote erasoa, Simos Kedikoglu gobernuko bozeramaileak esan duenez.

Eraikinaren kanpoaldetik egin dute erasoa. Bigarren solairuan dago Samarasen bulegoa, eta Poliziak jakinarazi du barruan bala bat aurkitu dutela.

Gertaeraren ondoren, lapurtutako auto bat erreta azaldu da Faliro auzoan. Polizia ikertzen ari da erasotzaileek erabilitakoa izan den ala ez.

Azkeneko egunetan Greziako Gobernuko alderdien, bankuen eta kazetarien aurkako erasoak gertatzen ari dira Atenasen eta inguruetan. Ostiralean bost kazetariren etxeetan bonbak lehertu zituzten, eta larunbatean Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearen bi egoitzatan, Pasok alderdi sozialistaren egoitza batean eta bi bankuren kutxa automatikoetan. Atzo, gobernuko bozeramailearen anaia baten etxe atariko beirak apurtu zituzten, eta Demokrazia Berriaren egoitza bati ere eraso egin diote, baita argindar enpresa bati ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.