Greziako trantsizio gobernuak parlamentuaren babesa jaso du, konfiantza mozioa gaindituta. Pasok alderdi sozialistako hamabi ministrok, ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko bik eta LAOS eskuin muturreko alderdiko ministro batek osatzen dute Lukas Papademosen gobernua. Legebiltzarreko 300 diputatuetatik 255ek alde bozkatu dute, eta kontra, berriz, 38k. KKE alderdi komunistak eta Syriza ezkerreko koalizioak, zeinak akordiotik kanpo geratu diren, ukatu egin diote babesa gobernuari, eta baita Pasokeko bi diputatuk eta NDko batek ere .
«Aldeko botoarekin, gobernu berriak eginkizun titanikoa hasiko du, odol hotza eskatzen duen lana», adierazi du Papademosek. Otsaila baino lehen bi helburu bete behar ditu gobernuak: batetik, eurogunearekin hitzartutako bigarren erreskatea berrestea—130.000 milioi euro jasoko ditu, eta zor pribatuaren %50 barkatuko diote—, eta, bestetik, abenduaren 15aren aurretik lehen erreskateari dagozkion 8.000 milioieuroak jasotzea lortzea. Horretarako, EB Europako Batasunak eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak eskatutako neurri inpopularrak hartu beharko ditu.
NDren baldintzak
Bozketa aurreko eztabaida, dena dela, beroa izan zen atzo Atenasko Legebiltzarrean, batez ere NDko buru Antonis Samarasek hartu zuenean hitza. Gobernuari babesa eman arren, berretsi du ez duela idatziz egingo EBk eta NDFek erreskatearen truke ezarritako neurriak betetzeko zina. Gobernua babestea nahikoa berme da Europako kideentzat, Samarasen aburuz. «Gure hitza eman eta gobernuaren alde bozkatzea baino berme handiagorik ba al dago? Bozketek balio konstituzionala eta instituzionala dute, konpromiso pertsonaletatik eta idatzizkoetatik harago».
Bestetik, bozak otsailean egiteko eskatu du Samarasek, trantsizio gobernuaren agintaldia gehiago luzatu gabe. Inkesten arabera, NDk irabaziko lituzke bozak, baina ez luke gobernua bakarrik osatzeko adinako babesik lortuko.
Greziako Parlamentuak babesa eman dio gobernu berriari
Antonis Samaras NDko buruak berretsi du ez duela sinatuko Bruselak eskatutako murrizketen gaineko paperik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu