Grezian eskuinak eragindako haserreak gehiengo osoa eman dio Papandreuri

Greziako sistemak gobernatzeko eskatzen duen kopurura aise heldu da; 300dik 160 eserleku lortu ditu

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Igande gauean Atenasko kaleak ikusita -Giorgos Papandreuren aldekoek hiria geldiarazi zuten-, badirudi herritarrek konfiantza osoa dutela Pasokengan edo Mugimendu Sozialista Panhelenikoaren buruzagiarengan, benetan sentitzen dutela aldaketa egiazkoa izango dela. Sekulako festa Atenaskoa, baina beti izaten da horrela, nork irabazten duen haren jarraitzaileak kalera ateratzen baitira. Ohitura da Grezian. Egunerokoan, baina, ez dira horren baikorrak, eta Kostas Karamanlis presidente kontserbadorearen gobernua zigortzeko asmoak eman dio gehiengo osoa Pasoki, ez bereziki kanpainan agindutakoa sinetsi dutelako. Baina eman dio: botoen %43,94 lortu ditu Papandreuk; Karamanlisek, berriz, %34,4.

Karamanlisek gobernuari ezin izan dio eutsi. Ekonomiaren kudeaketa kaxkarrak eta eskandalu ekonomikoak eragin diote boto galera; joan den abenduko ikasle protestek ere ez diote lagundu, ezta abuztuan Atenas ingurura iritsi ziren suteek ere. Karamanlisek soldatak eta pentsioak izoztu ditu, eta gastu soziala murriztu du, eta gehiengoaren kezka hortik etorri dela eta, Papandreuk agindu du dirua zirkulazioan jarriko duela ekonomia suspertzeko. Gutxiengo pentsioen eta soldaten igoera, eta sektore publikoari laguntza defendatu ditu batez ere kanpainan. Atzerri politikan ere nabarituko dira aldaketak, adituen ustez.

Aldaketa nahia

Aldaketarako nahiaren isla dira hauteskundeak, baina boto emaileak ahaztu ditu Pasoken aurreko gobernuan izan ziren ustelkeria kasuak. Hala ere, Papandreuk hori du bere alde: 2004an alderdiko buruzagitza hartu zuenetik saiatu da ustelkeria baztertzen, eta, era berean, bere alderdiaren barruan dauden bi aldeak -ezker aldekoa eta liberala- bateratzen.

Bien bitartean, Karamanlisek emaitzak jakin bezain laster iragarri du porrota onartuko duela, presidente izango dena zoriondu, eta dimisioa emango duela. Legebiltzarkide izaten jarraituko du, baina ND alderdiak beste buruzagi bat aukeratu beharko du hilabete barru egingo duten kongresuan.

Galdu dituen botoetako asko Papandreuren alderdira joan dira, baina baita eskuin muturrera ere. Koalizio Popular Ortodoxoak bost eserleku irabazi ditu. Hamar izatetik hamabost izatera igaro da. Alderdi Komunistak eta Ezkerreko Koalizioak eserleku bana galdu dute, eta Berdeek ez dute ordezkaritzarik lortu, Legebiltzarrean egoteko %3 ez baitute lortu; hortxe-hortxe ibili dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.