Zeus Xenios deitutako operazioan, Greziako Poliziak 6.000 etorkin atxilotu zituen lehengo asteburuan. Zeus Xenios gonbidatuen jainko greziarra da, arrotz bati injustizia bat egin dionaz mendekatzeko prest dagoena. Hain zuzen, kontrako neurriak bultzatu ditu Greziako Gobernuak. Herrialdetik kanporatu nahi ditu paperik gabeko etorkinak. Ez dituzte Grezian nahi.
Azken urteetan, ugaritu egin dira etorkinen aurkako erasoak herrialdean, Atenasen batez ere; talde neofaxistek jipoitu egiten dituzte, mehatxatu, herrialdean ongi etorriak ez direla adierazteko. Uztaileko inkesta baten arabera, greziarrek bigarren arazotzat dituzte etorkinak, krisi ekonomikoaren atzetik; herritarren %70ek ez dituzte begi onez ikusten. Gobernuak ere ezetz dirudi, hartu dituen neurriak ikusita.
Greziako Poliziak 6.000 etorkin atxilotu ditu Zeus Xenios operazioan. Gehienak Atenas hiriburuko erdialdean, han etorkin asko elkartzen baitira. Atxilotuetako 1.600 berehala kanporatuko dituzte Greziatik. Beste 4.500ak aske utzi dituzte, galdeketetan herrialdean legez daudela frogatu dutelako. Gobernuko Ordena Publikoko ministro Nikos Dendiasek esan du «inbasio historikoari» aurre egitea dela sarekadaren helburua. Demokrazia Berriko Antonis Samaras buru duen gobernu berriak aurreko gobernuak Atenas «garbitzeko» hasitako planarekin jarraitzeko asmoa du.
Greziak 11 milioi biztanle pasatxo ditu. Horietatik, 800.000 dira legez herrialdean dauden etorkinak. Paperik gabe, berriz, 500.000 etorkin inguru daude. Greziako Poliziaren arabera, EB Europako Batasunean sartzen diren etorkinen %90 Turkia eta Grezia arteko mugatik sartzen dira, urtean 100.000 inguru. Gehienak Afrika iparraldetik, Afganistandik eta Iraketik iristen dira. Horietako askoren helburua EBko beste herrialderen batera joatea da, baina sarritan ez dute lortzen Greziatik irtetea. Ondorioz, Dendias ministroak uste du herrialdea «desagertzen» ari dela: «Azken 4.000 urteetan Greziak ez du halako inbasiorik izan. Estatuaren eta gizartearen oinarrientzat lehergailu bat da».
Erasoen atzean, neofaxistak
HRW Human Rights Watch erakundeak 99 orriko txosten bat aurkeztu zuen uztailean Greziako indarkeria arrazistari buruz. 2009. eta 2012. urteen artean eraso xenofoboak jaso dituzten 59 etorkinen testigantzak jaso dituzte. Erakundearen esanetan, Greziako Poliziak eta sistema judizialak ez dute lortu erasoei aurre egin eta erasotzaileak zigortzea.
HRWren txostenak dioenez, eraso gehienak Atenas erdialdeko auzoetan gertatzen dira, eta gauez. Erasotzaileak taldeka aritzen dira, gehienetan arropa ilunarekin eta aurpegia tapatuta. Etorkinak jipoitu egiten dituzte, ukabilkadaka edo botilekin eta bateekin jota. Maiatzetik orain arte, modu horretako zazpi eraso salatu dituzte komunikabideetan. HRWk dio eraso gehiago izan direla. Erasotuak izan diren askok ez dute salaketarik jartzen , ordea. Ez dute uste Poliziak lagunduko dienik. Izan ere, 2008tik ez dute inor zigortu gorrotozko krimenak leporatuta.
Ikerketa polizialik eta erabaki judizialik ez badago ere, hainbat elkarte eta erakundek Egunsenti Urrekara alderdi neofaxistari eta haren inguruari leporatzen dizkiote erasoak. Etengabe etorkinen aurkako mezuak zabaltzen ditu talde horrek. Paperik gabeko etorkin guztiak kanporatzearen alde dago, eta Turkiako mugan minak jartzearen alde. Hain justu, To Vima egunkariaren ikerketaren arabera, polizien %50ek Egunsenti Urrekara alderdiaren alde bozkatu zuten.
Etorkinen egoera ikusirik, HRWk Greziako Gobernuari eskatu dio neurriak har ditzala indarkeria xenofoboa eragozteko: jendaurrean etorkinen aurkako indarkeria gaitzesteko; leku gatazkatsuenetan nahikoa polizia jartzeko, erasoak eragotzi ahal izateko; gorrotozko delituen ikerketa hobetzeko, eta ziurtatzeko erasotutako etorkinek ez dutela jasoko kanporatuak izateko mehatxurik.
Europaren jarrera
Etorkinen aurkako neurriak Greziako Gobernuak hartzen baditu ere, modu batean edo bestean, Europako hainbat herrialdek erabaki horiek babesten dituzte. Azken batean, etorkinentzat beste herrialdeetara iristeko pasabide nagusia da Grezia. Eta han oztopoak jartzeak etorkinei asko zailtzen die Europako beste lekuetara iritsi ahal izatea.
Iazko ekainean, esaterako, EBk Schengengo Ituna erreformatzea erabaki zuen, Afrikako matxinadetatik ihesi datozenei sartzea oztopatzeko. Frantziak eta Italiak bultzatu zuten erreforma. Sinatzaileek Schengen eremuko kanpo mugetan kontrolak jar ditzakete «migrazioaren presioa» areagotzean. Greziak, Turkiako mugan, adibidez.
Hain justu, muga hori kontrolatzen, EBko mugen kontrolerako Frontex agentziako 175 lan talde daude, Greziako segurtasun indarrekin batera. Turkia eta Grezia arteko muga horretan, 12,5 kilometro luzeko harresi bat ari dira eraikitzen, eta urte amaierarako bukatuta egotea espero dute. Immigrazioa geldiarazteko neurri bat gehiago da.
Bestalde, Mijalis Jrisojoidis lehengo gobernuko Ordena Publikoko ministroak martxoan iragarri zuen paperik gabeko etorkinentzat 30 kartzela eraikiko dituztela. Proiektua gauzatzeko,250 milioi euro jasoko dituzte Europako funtsetatik.
Greziak, hala ere, Europaren laguntza gehiago nahi du, eta Dublin II arautegia aztertzeko eskatu dio. Lege horri jarraituz, atzemandako paperik gabeko etorkinak Europara sartzean zapaltzen duten lehen herrialdera bidaltzen dituzte. Gehienak, Greziara. Eta han ez dute nahi etorkinik.
Grezian ez dute nahi etorkinik
Greziako Poliziak paperik gabeko 6.000 etorkin atxilotu zituen lehengo asteburuan, eta 1.600 herrialdetik kanporatuko dituzte. Kalean, gehitu egin dira etorkinen aurkako erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu