Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obama Guantanamoko baseko presondegi militarra urtebeteko epean ixteko agindua sinatu du gaur. Atzo presondegian daudenen kontrako auziak 120 egunerako eteteko agindu zuen Obamak. Gainera, gaur beste bi agindu izenpetu ditu: batek torturaren erabilera debekatu du, eta besteak atxilotze prozesuak berrikustea ahalbidetuko du.
Obamak hartutako erabakia txalotu du AEBetan egoitza duen HRW Human Rights Watch giza eskubideak behatzeko erakundeak (AEBetako Gobernuaren diru laguntza jasotzen du). HRWren iritziz, Obamaren erabakiak erakusten du lehentasun handia jarri duela "terrorismoaren kontrako borrokan AEBetako estrategia erreformatzeko".
"Kolpe batez, Obama presidenteak aurrerapen handia eragingo du AEBen autoritate morala berrezartzeko", azaldu du HRWeko aholkulari Jennifer Daskalek.
Atzo Guantanamoko presoen auziak 120 egunez eteteko agindu zuen Obamak. Gaur egun 245 preso daude base militarrean (Kubari okupatutako uharte txikian), horietatik 21 auzipetuta, tartean atxilotu zutenean 15 urte zituen gazte bat
120 eguneko tarte hori baliatuko du Washingtonek epaiketez arduratzen den batzorde militarren lana ikertu eta base militarrean preso dauden borrokalari etsai-ekin zer egin erabakitzeko. Epaitzen ari diren 21 kasuez arduratzen diren jujeek berehala jarri zuten indarrean agindua.
Duela zazpi urte, 2002ko urtarrilean, zabaldu zuten Guantanamoko espetxea, AEBek Kuban duten base militarrean. Orotara 700 bat atxilotu igaro dira bertatik, baina egun 245 daude. George Bush presidente ohiaren asmoa zen horietatik 80 inguru gerra krimenez akusatzea, gaur arte, ordea, soilik hiruren aurkako karguak aurkeztu dituzte. Askok, ordea, torturatuak izan direla salatu dute.
Giza eskubideen aldeko erakundeek txalotu egin zuten atzo Obamaren erabakia. "Norabide onean emandako urratsa da. Berehala amaitu behar dira sinesgarritasunik ez duten epaiketa horiek", adierazi du Amerikako Eskubide Zibilen Batasuneko kide Jamil Dakwarrek.
Ameriketako Estatu Batuak
Guantanamo urtebetean ixteko agindua sinatu du Obamak
Torturaren erabilera debekatu duen eta atxilotze prozesuak berrikusteko bi agindu izenpetu ditu AEBetako presidente berriak. Gaur egun 245 preso daude base militarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu