Guantanamoko 172 presoak auzitegi militarretan epaituko dituzte

Obama presidenteak bozetako promesa hautsi du, urtebetean kartzela itxiko zuela hitzeman baitzuen

Erredakzioa
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Barack Obama AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak bere hauteskunde promesa handienetako bat hautsi du. Guantanamon epaiketa militarrak berriz abiarazteko agindu dio Defentsa Sailari.

Agindu horren arabera, ganorazko frogarik izan ez arren «arriskutsutzat» jotzen dituzten presoak mugarik gabe espetxean izateko aukera izango dute, besteak beste. Sei hilean behin presoen estatutua aztertuko du administrazioak, eta, giza eskubideen aldeko erakundeek eskatzen dutenaren kontra, epaitegiek ez dute horretarako ahalmenik izango.

Une honetan 172 pertsona daude Guantanamon preso. AEBetako armada datozen egunetan hasiko da haien kontrako kargu berriak aurkezten, eta abiatuko diren prozesu militarrak Obamak sinatu berri duen aginduaren araberakoak izango dira: torturapean lortutako aitortzak ez dira kontuan hartuko eta, lehen ez bezala, presoek euren kontrako karguak eta frogak ezagutzeko aukera izango dute.

Presidente kargua hartu eta biharamunean sinatu zuen Obamak Guantanamo urtebeteren buruan ixteko agindua, 2009ko urtarrilaren 22an. Bi urte pasa dira, eta promesa ezerezean geratu da. Guantanamo ixteko oztopo ugari izan ditu Obamak: atzerriko herrialdeek ez dituzte hango presoak hartu nahi izan, ezta AEBetako estatuek ere, eta, gainera,AEBetako kode zibilak zalantza ugari agertu ditu presook epaitu ahal izateko, torturapean deklaratu baitute askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.