Guantanamon torturatutako herritarrei kalte-ordainak emango dizkie Londresek

Epaiketak saihestea da Cameronen helburua, horietan ezkutuko informazioa plazaratu daitekeelako

2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuak kalte-ordainak emango dizkie Guantanamoko espetxean torturak jasan izana salatu duten herritarrei. Dirua emanda, Londresek epaiketak saihestea nahi du , horietan ezkutuko informazioaplazaratzeko arriskua baitzegoen. Kalte-ordainak ematea preso britainiar ohien abokatuekin hitzartu du David Cameronen gobernu britainiarrak.

The Guardian egunkariak eta ITV Newsek zabaldutako datuen arabera, Guantanamoko base militar estatubatuarrean (Kuba) preso atxiki zituzten hamasei britainiarri, gutxienez, emango dizkiete kalte-ordainak. Parlamentuko saio nagusian, Justizia ministro Kenneth Clarkek baieztatu du preso izandakoen defentsarekin kalte-ordainak adostu dituztela. Haatik, diru emateak zenbatekoak izango diren ez du argitu. Hedabideen arabera, ordea, baliteke preso ohietatik batek behintzat 1,2 milioi euro eskuratzea.

Kalte-ordainak ematea eta horien kopurua isilpean geratzea negoziatuz, Londresek epaiketak saihestu nahi ditu. Izan ere, preso egondako Erresuma Batuko hamalau herritarrek auzi salaketak jarri dituzte, Ameriketako Estatu Batuetako base militarrean edo harat eraman aurretik jasan zituzten tratu txar eta torturengatik.

Salaketa jarri duten horietatik bata Binyam Mohamed da, jatorri etiopiarreko britainiarra; hark eginiko salaketaren ostean, Londresko auzitegi batek ondorioztatu zuen, preso ohi honek «tratamendu anker, basati eta zitalak» jasan zituela, AEBetako militar edo zerbitzu sekretuetako kideek egin zizkioten galdeketetan. Ondorioztatze horiek egiteko, epaileak ezkutuko informazioetan oinarritu ziren, eta ildo horri jarraituz Auzitegi Gorenak agindu zuen datu horiek agerian jartzeko hurrengo auzi saio batean. Horrelakorik ez dadin gerta, Erresuma Batuko Gobernua negoziatzen hasi da.

Ikerketa publikoa aurrera doa

Kalte-ordainak ematea adostearekin ezkutuko datuak plazaratuko ez badira ere, Londresek ziurtatu du tratu txar eta tortura salaketak ez dituztela isilpean utziko. Ezen, Gorenak hartutako erabakiaren ostean, David Cameron lehen ministro britainiarrak ikerketa publiko bat hastea manatu du. Cameronek azaldu duenez, «agente britainiarrek torturetan parte hartzeaz ez bada frogarik ere, zalantzak daude nola jokatu duten egitate hauen jakinean izanda». Binyam Mohamedek, esaterako, ziurtatu du Guantanamora eraman aurretik Marokon torturatu zutela, Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetako kideen presentzian, eta haiek ez zutela ezer egin torturatzaileak geldiarazteko. Hortaz, Mohameden eta beste salaketa egileen defentsak argudiatu du Londresek «gaizkide» gisa jokatu duela tratu txar eta torturak gertatzean.

Erresuma Batuak kalte-ordainak ematea giza eskubideen urratze larrien aurrean, garrantzizko zerbait bada ere, egin beharrekoaren zati bat baino ez dela nabarmendu du Amnesty Internationalek. Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundearen Europa eta Asia erdialderako arduradun Nicola Duckworthek hauxe gaineratu du: «Ezinbestekoa da, egitate larri hauen inguruan egia osoa zabaltzea, eta gobernuen eginbidea da jokaera horien erantzukizunak argitzea». Xede horrekin, AIk giza eskubideen batzorde bat eratzeko eskatu dio Londresi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.