Catalunya Radiok eman du albistea. Haren arabera, duela bi aste zabaldu zuen ikerketa Bartzelonako epaile batek, iritzita lotura zuzena dagoela atzerrian bizi diren Kataluniako herritarrak erroldatzera bultzatzeko kanpainaren eta galdeketaren artean. Orduz geroztik Espainiako Guardia Zibilak deklaratzera deitu ditu Generalitateko hainbat tekniko eta baita hark erreferendumaren kanpaina egiteko kontratatutako publizitate enpresako langileak ere. Galdekatutako teknikarien artean Komunikazio Departamentuko funtzionarioak daude, besteak beste. Sare sozialetan gaitzetsi du ikerketa Carles Puuigdemont presidenteak: "Ez gaituzte izutuko bozkatu nahi dugun milioika herritarrak".
Kazetarien galderei erantzunez, Meritxell Borrasek Gobernazio kontseilariak adierazi du ez dutela galdeketen berririk jaso, baina ez litzatekeela harrituko hala balitz ere. "Enpresa eta funtzionarioak estu hartzen ari da Madril. Gertatzen ari den guztia beste garai batzuen isla da, diktadura bat zegoen garaikoa. Hautetsontziak erostea normaltasunaren baitako zerbait da. Andaluzian egin da; zergatik ez Katalunian?".
Honakoa ez da erreferendumari lotutako ikerketa bakarra. Gobernazio kontseilariaren aurkako kereila ere zabaldua du Kataluniako Fiskaltza Nagusiak, independentziari buruzko erreferendumaren data eta galdera sartzeko. Borrasen aurka maiatzaren 16an paratu zuen kereila, hautetsontzien erosketa lizitatzeagatik. Erreferenduma urriaren 1ean egiteko asmoa dute. Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa? izanen da galdera.