Mundua

Guardia Zibilak lau hilabete daramatza Frantziako hego-ekialdean Publio Cordonen gorpua bilatzen

SER irratiaren arabera, hark bahitua zuteneko etxetik ihes egitean hil zen, 1995ean, eta inguruan ehortzi egin zuen GRAPOko orduko buruzagi Fernando Silva Sandek. Honek urtetan ukatu izan du bere erakundeak enpresaburu espainiarra hil zuela, eta bahisariaren erdia ordaindu ondoren Ameriketara ihes egin zuela esan izan du orain arte.

2009ko otsailaren 24a
19:11
Entzun
Guardia Zibilak lau hilabete daramatza Frantziako hego-ekialdean Publio Cordonen gorpua bilatzen, gaur Espainiako SER irratiak jakitera eman duenez. Itxura batean, hura bahitzeagatik zigortutako GRAPO ezkerreko talde armatuko buru ohi Fernando Silva Sandek iazko azaroan eginiko deklarazioen haritik ari dira Espainiako poliziak gorpua bilatzen, Frantziako Poliziaren baimenarekin. GRAPO Urriaren Leheneko Talde Iraultzaile Antifaxistak erakundeak 1995ean bahitu zuen Zaragozako (Aragoi, Espainia) enpresaburua, baina haren senideek bahisariaren erdia ordaindu ondoren "aske" utzi zutela eta "Ameriketara ihes egin" zuela esan izan du Silva Sandek urteotan. Enpresaburuaren emazte Pilar Murok, ordea, hura hil egin zutela salatu izan du.

Silva Sanderi 28 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2007ko abenduan Espainiako Auzitegi Nazionalak, enpresaburua bahitzeagatik. Beste taldekide batzuk, ordea, delitu horregatik absolbitu zituen.

SER katearen arabera, kartzelan zela iazko azaroan Silva Sandek aitortu zuen 1995ean Cordon bahitu ondoren Frantziara eraman zutela, eta mendiko etxe batean ezkutatu zutela. Antza, egun gutxira ihes egiten ahalegindu zen enpresaburua, leihotik jauzi eginda. Bertsio horri jarraiki, enpresaburua hantxe bertan hil zen, eta GRAPOko buruak berak lurperatu zuen, mendian hobi bat eginda.

Deklarazio horien berri izan eta berehala hasi zen Guardia Zibila Frantziako hego-ekialdeko mendi eremuak arakatzen. SER-ek ez du zehaztu zein eskualdetan eduki zuten Cordon.

Haren gorpua ez da egundaino agertu, baina emazte (edo alargun, hilik topatzen badute) Pilar Murok gaur esan du beretzat "pozgarria" dela Guardia Zibilak oraindik ikerketekin jarraitzea, eta itxaropena agertu du "esperoan" daramatzaten urte horiek guziak bukatutzat emateko benetako datuak izateko.

Silva Sande GRAPOko militante historikoa da, eta urte ugari daramatza kartzelan. 1992an Granadako (Andaluzia, Espainia) espetxetik ihes egin zuen, eta 2000. urtean Frantzian atxilotu zuten. Gerora Espainiako Poliziaren esku utzi zuten, eta egun Espainian dute preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.