Guatemala

Guatemalako 18 militar ohi atxilotu dituzte 80ko hamarkadako desagertzeekin lotuta

Fiskal nagusiak jakinarazi duenez, atxilotutako hemezortzi lagunetatik hamalauri "Latinoamerikako indarrezko desagertze kasu handienean" parte hartzea egozten diete.

Manuel Benedicto Lucas Garcia, atxilotuta.
2016ko urtarrilaren 7a
16:53
Entzun

Guatemalako Justiziak hemezortzi militar ohi atxilotu ditu 80ko hamarkadako indarrezko desagertze kasuetan parte hartzea egotzita. Gutxienez 558 desagertze izan ziren hamarkada horretan, eta, Thelma Aldana fiskalburuak jakinarazi duenez, "indarrezko desagertzea" leporatzen diete militar ohi horiei. Atxilotuen artean Manuel Benedicto Lucas Garcia dago, Fernando Romeo Lucas Garcia presidente ohiaren anaia.

Fiskalburuak prentsaurrekoa eman du atxiloketen berri emateko. Militarren kontrako froga gisara 21. Gune Militarrean atzemandako hobi komunetan topatutako hezurrak dituzte. 558 lagunen gorpuzkiak azaldu ziren hobi horretan, eta, fiskalburuak esan duenez, 97 besterik ez da identifikatu DNA probekin. 21. Gune Militarrean hamalau indusketa egin zituzten 2012an, eta haietako lautan topatu zituzten gorpuzkiak. Haiek jende zibilarenak dira, lekuko batek fiskaltzari jakinarazi dionez.

Sanchez plana deituriko sarraskian parte hartzea leporatuta, bost paramilitar ohi zigortu zituzten 2012an, eta handik abiatutako ikerketaren emaitza dira atxiloketok, fiskaltzaren arabera. Sarraski horretan 256 indigena hil zituzten 1982an; gehienak achi etniakoak ziren, emakumeak, haurrak eta edadetuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.