Mundua

Guatemalako genozidioaren epaiketak aurrera egingo du

Rios Montt diktadorearen aurkako prozesua bertan behera uzteko agindu du epaile batek goizean, baina hura epaitzen ari den auzitegiak baliogabe utzi du bestearen ebazpena. Ixil etniako 1.171 indigenen hilketen erantzule izatea leporatzen dio Rios Montti fiskaltzak.

Berria.info
2013ko apirilaren 19a
19:22
Entzun

Jose Efrain Rios Montten aurkako epaiketa daraman Jazmin Barrios epaileak argi esan du: jeneralaren aurkako epaiketak segitu egingo du, Guatemalako genozidioa ez da epaitu gabe geldituko. Gaur goizean, prozesua etenarazteko agindu du beste epaile batek, baina Barriosek baliogabe utzi du ebazpen hori.

Martxoaren 19tik ari dira Rios Montt epaitzen, de facto-ko agintari zela gertatutako sarraskien erantzule izateaz akusatuta. Rios Montt estatu kolpez heldu zen boterera gerra zibil betean, eta hamazazpi hilabetez agindu zuen. Tarte horretan, batez beste, egunero 800 hilketa gertatzen ziren herrialde osoan: biktimetako asko indigenak ziren. Horregatik, fiskaltzak genozidioa leporatzen dio: zehazki, ixil etniako 1.711 indigenen hilketen ardura.

Gaur goizean, prozesuan atzera egitea agindu du Carol Patricia Flores epaileak, 2011ko azaroan zegoen fasera. Izan ere, Guatemalako Auzitegi Gorenak prozesuaren tramite bat berrikusteko eskatu dio, defentsaren eskaerei kasu eginda. Rios Montten abokatuak behin baino gehiagotan saiatu dira epaiketa atzeratzen. Azken asteotan, Guatemalako kargu militar eta politiko zenbaitek ere eskatu dute prozesua bertan behera uzteko; Otto Perez Molina, Guatemalako egungo presidentea, ere nahastu dute auzian, eta gogor egin du haren kontra.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ere azpimarratu du prozesuak daukan garrantzia, Navi Pillay Giza Eskubideen goi mandatariaren bozeramaile baten ahotik. Izan ere, lehenengoz epaitu behar zuten estatuburu ohi bat genozidioagatik bere herrialdeko auzitegi batean. "Arlo horretan, Latinoamerika aurretik doa munduan. Horregatik, hain garrantzitsua den kasu bat etetea oso tristea litzateke".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.