HONDAMENDI NATURALAK

Guatemalan 1.400 pertsona lokatz azpian harrapatuta daude

Orotara seirehundik gora pertsona hil dira Erdialdeko Amerikan; herrixka asko bakartuta daude, eta errepideak suntsituta

Erredakzioa
2005eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Stan urakana jada desagertu bada ere, nabaria da hark egindako bidea. Guatemalak izan ditu kalte gehien. 1.400 lagun geratu ziren atzo lokatz artean harrapatuta luizi baten eraginez. «Inor ez da onik atera. Duela 48 ordu gertatu da eta denak hilda daude», zioen atzo salbamendu taldeko buru Mario Cruzek. Han 579 dira hildakoak. Hala ere, bertako komunikabideen arabera, gehiago izan daitezke, 40 bat herrixkak oraindik bakartuta jarraitzen dutelako. Hondamendiak Gutxitzeko Koordinadora Nazionalaren arabera, hildako gehienak haurrak dira. Horretaz gain, 1.737 dira desagertuak eta zaurituak berriz 97.872, gutxi gorabehera.

Chiapasen (Mexiko) herrixka asko ur azpian zeuden atzo. «Hemen murru sendo bat behar genuen, eta ez uholdeen aurretik hor zegoen harri pila. Hau gertatu zen 1998an ere Mitch urakanarekin eta denak berdin jarraitzen du. Ez da inor etorri gu laguntzera», zioen Pijijiapan herrixkan bizi zen Amado Montesek. «Bi egun daramatzagu ezer jan eta edan gabe. Ur zikina edaten hasi gara, besterik ez dugulako», zioen herrixka bereko beste emakume batek. Hura Mapastepec bezala erabat bakartuta zegoen, uholde eta luiziek errepideak eta zubiak suntsitu zituztelako. Jendea kexu zen, soldaduak ez zirelako oraindik inguru hartara ailegatu. Ondorioz, askok ahal zuten bezala ekin zioten hurrengo herrixkarako bideari. Mexikon 22 dira hildakoak. Tapachulan izan dira kalte gehien. Han 300.000 pertsona bizi ziren eta, atzo, bakartuta jarraitzen zuten. Veracruz estatuan, berriz, kaltetuak 1,2 milioi inguru izan zitezkeela iragarri zuten agintariek. Horretaz gain, 3.500 herrixka inguru ur azpian geratu ziren. Mexikoko Gobernuak txertaketa kanpaina hasi zuen herenegun, dengea, malaria eta hepatitisa saihesteko.

Lurrikara El Salvadorren

El Salvadorren ere uholde eta luizi ugari izan dituzte azken egunotan. Iturri ofizialek atzo azaldu zutenez, 65 dira hildakoak eta beste 600 desagertuta daude. Horretaz gain, herenegun 5,5-6,2 gradu arteko lurrikara izan zen. Gertakariak beldurra zabaldu zuen herritarren artean. Agintarien arabera, 13,3 milioi dolarreko galerak eragin dituzte euriteek.

Nazioarteak laguntza eskaini zien atzo kalteak izan zituzten herrialdeei. AEB Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, bost helikoptero, elikagaiak eta 100.000 dolarreko laguntza bidaliko zutela iragarri zuten. Nazio Batuen Erakundeak adierazi zuen, berriz, kalteak aztertuko zituela, zenbaterainoko laguntza behar zuten jakiteko. Giza laguntzarako erakundeek, bestalde, haurrentzako arropak eta ur botilak bidaltzeko eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.