Irailaren 8az geroztik Ekuadorren inkesten emaitzak plazaratzea debekatu dutela eta, jakiterat emandako azken aurreikuspenek aldekoen garapen argia agertu dute; hots, boto-emaileen %57 Konstituzioa onartzearen alde, eta %24 arbuio egiteko asmotan. Anartean, kanpaina egiteko azken egunera arte, bi aldeak etengabe aritu dira hautesleak konbentzitzeko ahaleginetan.
Correa presidentea bera joan den asteartetik hasi eta osteguna bitarte -kanpaina egun horretan amaitu zen- Ekuardorko Guayaquil hirian izan da, egindako ekitaldietan baiezkoaren aldeko kanpaina sutsua eginez. Kanpaina egiteko hiri hori aukeratzea ez da kasualitate hutsa izan. Izan ere, ekuadortar gehienak bizi dira bertan. Horretaz gain, oposizioa da nagusi bertan; hortaz, Guayaquilen erabakitzen denak zuzenean eragingo du azken emaitzan. Hiri horretako alkate Jaime Nebot kontserbadorea, baina, sutsu aritu da Konstituzioaren aurkako kanpaina egiten.
«Konstituzioaren alde egitea beste Ekuador baten aldeko apustu egitea da», adierazi du Correak. «Egingo den galdeketa ez da presidentea edo alkatea aukeratzeko, elkartasunean, zuzenbidean eta denen ongizatean oinarritutako gizarte eredu baten alde edo kontra agertzeko baizik». Ekuadorko presidenteak argi du gaurko erreferendumean zer dagoen jokoan: «Lotsan murgilduta bizitzera kondenatu gaituen iraganarekin jarraitzearen, eta bidezkotasunean, berdintasunean eta duintasunean oinarritutako etorkizunaren arteko hautua egin beharko dute herritarrek».
Jaime Nebot PSC Alderdi Sozial Kristauko buruzagiak, baina, bestela pentsatzen du. Hala, Konstituzio berriak presidenteari eta estatuko egiturei,eskualdeetako aginteen kalteetan, gehiegizko boterea emango diela salatu du. Ekuadorko eskualde eta udalerrien autonomia zaindu beharra aldarrikatu du Nebotek. Herenegun erreferendumarekin lotutako ekitaldiak debekatua izanagatik ere, Nebotek ezezkoaren aldeko kanpaina egiteko aitzakia baliatu zuen. Bertan Guayaquilgo udal eskumenak goraipatu eta Konstituzioa gaitzetsi zuen: «Osasun, etxebizitza, herritarrentzako zerbitzu edo hezkuntza politika eraginkorrei eragozpenak jarriko dizkie».
Konstituzio polemikoa
Eskuineko agintariekin batera, Ekuadorko eliza katolikoaren agintaritzak sutsu jardun du Konstituzio berriaren aurka. Gotzainen konferentziak du jarrera hori hartu. Zenbait, baina, iritzia ematetik haratago joan dira. Horietan izan da Guayaquilgo apezpiku Antonio Arregi.
Eliza katolikoaren agintaritzak Konstituzio proiektuaren 44 eta 66. artikuluak ditu gogorrenik salatu. Abortatzeko eskubidea eta homosexualitatea arautzen dira bi artikulu horietan. «Emakumeek zenbat haureta noiz izan nahi dituen erabakitzeko eskubide du», dio 44. artikuluak. Besteak sexu bereko bikoteen arteko oinordetza legezkotzen du.
Jeannette Sanchez Ekonomia eta Gizarte arazoetako ministroak, ordea, Konstituzioak ekarriko dituen onurak goraipatu ditu: «Hobera egite nabarmen bat dago, gizarte politika eta herritarren eskubideak bermatzeaz gain, ekonomiaren eta ingurugiroaren alorretan ere eskubide berriak xedatzen baititu; besteak beste, hezkuntzarako edo alojamendurako eskubide zehatzak, zein balore unibertsaletan oinarritzen diren erlijio askatasuna edo kulturaz jabe egitea jasotzen dira».
«Herritarren iraultza»
Konstituzioa onartuta, Correak Ekuadorren proiektu orokor bat martxan jartzeko aukera izango luke. Hori, baina, nahikoa zaila dirudi 1822. urtean burujabetasuna lortu zuenetik hogei konstituzio izan dituen herrialde batean. Azken hamabi urteotan hamaika presidente izan dira gainera; orain indarrean dagoen Konstituzioa onartu zenetik, 1998tik, bost.
Biharko erreferendumean baiezkoak irabaziko balu, Ekuadorko presidentearen eta estatu egituren botere eta baliabideak handitu egingo lirateke. Behin hori lortuta, ekonomia arloan plangintza orokorra jarri nahi du martxan Correak, eskualde aberatsenen eta pobreenen arteko desorekak gainditzeko. Gaur bozkatuko duten testuak zehazten duenez, nekazarien eskubideak bermatu egingo dira. Ekuadorren herritarren %40 indigenak dira, eta horien artean gehientsuenak nekazariak. Konstituzio berriak berrikuntzarik ere badakar ingurugiroari dagokionenean. Hala, babestutako eremuetan baliabide naturalen ustiaketak debekatu egingo dituzte.
Correa 2006. urte amaieran presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zenean, «herritarren iraultza» zuzentzeko prest agertu zen. Egitasmo hori Txileko presidente Michelle Bacheleten sozialdemokrazia eta Venezuelako eta Boliviako agintari goren Hugo Chavez eta Evo Moralesen sozialismoaren artean kokatzen dute adituek. Baina, ororen gainetik Correak Ekuadorko Legebiltzarrean duen sostengu zabala nabarmentzen dute erreferendumean gertuko dena aurreikusteko. 130 diputatuetatik 80 alde ditu, izan ere, 2007ko bozak geroztik.
Konstituzioarenalde egitea beste Ekuador baten aldeko apustu egitea da»
rafael correa
Ekuadorko presidentea