Refat Txubarov Munduko Tartariarren Biltzarreko presidentea da, eta Krimeako Tartariarren Kurultai biltzarreko presidenteordea. Tartariarren ordezkaria ere bada Ukrainako Parlamentuan, eta datozen hauteskundeetarako hautagai izango da oposizioko mendebaldezalearen blokean. Viktor Janukovitx errusiazalearen gobernua tartariarrek bi hamarkadatan jasan duten okerrena dela uste du.
Bi hamarkada dira Krimeara itzultzen hasi zinetela. Arrakastatsua izan da neurri batean, ia 300.000 tartariar zarete, baina penintsulako gutxiengoa. Zein da balantzea?
Hutsetik jaio diren 300 herrigune sortu ditugu. Argindar, ur eta paper arazo mordoarekin, eta astiro-astiro konpondu dira. Baina garrantzitsua zen gune berri eta trinkoak sortzea, galdu duguna komunitatean berreskuratzeko. Lehendabizi, hizkuntza, hori da gune trinkoaren beharrizana azaltzen duen lehen faktorea. Udalerrietako laurdenak edo herenak garen herrietan badugu indar pixka bat, baina %5 zarenean eskubiderik gabe gelditzen zara, eta ez daukazu eragiteko erarik. %13 gara, baina udal aginteetan gure presentzia ez da %5era iristen. Ez dago tartariar epailerik, edo poliziarik, konfidentea ez bada. Gure lurra da hau, eta arrotz sentitzen gara.
Hizkuntzari eutsi diozue erbestean, baina etxean hasi dira arazoak.
Okerrera egin du, gainera. Gaur egun hamabost eskolatan baino ez da irakasten tartariera, ez beti tartarieraz, eta kopuru hori baino hamar aldiz gehiago behar dugu. Turkiako Gobernuak agindu du ikastetxe bat eraikiko duela, baina Krimeako agintarien oniritzia falta da. Krimeako telebista ofizialak emanaldien erdiak errusieraz ditu, %45 ukranieraz eta %5 baino ez tartarieraz, hau da, hiru ordu astean. Egunean hiru ordu gutxienez izan behar direla aldarrikatzen dugu.
Istiluak izan berri dira, Ukrainako Gobernuak errusiera ofizial bihurtzeko emandako pausoengatik. Zer iritzi daukazue?
Lege hori oso kaltegarria zaigu. Krimeako, Ukrainako herri indigena gara, horrek ez dauka zerikusirik hiztun kopuruarekin. Errusierari babesa emateak mehatxatu egiten gaitu, eta ukraniera ere mehatxatzen du. Denok dakigu errusieraz azken batean, eta absurdua da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aipatzea, hizkuntza mehatxatuei baitagokie. Errusierak ez dauka inolako mehatxurik.
Baina Krimeako biztanle gehienak alde daude.
Bai, eta arriskutsua da. Hemen biztanleen hiru laurdenak II. Mundu Gerraren ondoren etorritakoak edo ondorengoak dira, Errusiaren aldekoak. Han dauzkate lagunak eta senideak, pasaporte bi dituzte askok, hori legez kanpo egon arren, eta Moskuk aitzakia horrekin bereganatu dezake egunen batean Krimea, Georgiarekin egin duen legez. Gainera, armada barruan dauka, Sebastopolen, inbaditzeko beharrik gabe. Ulertzen ditugu errusiarrak, baina hau gure etxea da.
Independentzia nahi duzue?
Gure etorkizuna Ukrainaren barruan ikusten dugu, autonomia zabal batekin, hau da, deportazioaren aurretik egon ginen egoera eskatzen dugu. Tartariera hizkuntza ofiziala izatea nahi dugu. Daukagun autonomia lurralde autonomia bihurtu behar dugu. Herri guztiek daukate autodeterminazio eskubidea, ez dauka biztanle kopuruarekin zerikusirik. Eta geuk ere behar dugu. Errusian badira errepublikak, zeinetan biztanle indigenak gutxiengoa diren, baina ulertzen da herri horien errepublikak direla eta babes eta eskubide bereziak dituztela. Geuk ere hori behar dugu, tartariar gehiago egotea agintean. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, gure eskubideak bermatzeko baizik.
Refat Txubarov. Munduko Tartariarren Biltzarreko presidentea
«Gure lurra da hau, eta arrotz sentitzen gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu