Hasiera batean prentsak hiru hildako zirela zabaldu bazuen ere, Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, 120 lagun baino gehiago hil zituzten Nigeriako Kano hirian herenegun egin zituzten atentatuetan. Bertako hedabideek diotenez, hildakoen kopuruak gora egin dezake; izan ere, asko daude larri zaurituta. Boko Haram muturreko talde islamistak egin ditu erasoak. Atentatuak egin eta ordu gutxira hartu zituen bere gain, Daily Trust egunkari nigeriarrari telefonoz deituta. Hildakoen artean segurtasun indarretako kideak eta zibilak daude. Abul Qaqa Boko Harameko bozeramaileak jakinarazi duenez, agintariek Kanon preso dauden hainbat taldekide kanporatzea onartu ez dutelako egin dituzte erasoak. Nigeriako Gobernuak 24 orduz etxeratzeko agindua jarri zuen indarrean atentatuen ostean.
Erasoak 16:30ean hasi ziren, hainbat polizia etxeren eta estatuko segurtasun indarren aurka eta immigrazio bulegoen aurka. Bonba-auto bat leherrarazi zuten jendea bizi den gune bateko polizia etxe baten kontra, eta arma arinak eta lehergailuak erabili zituzten eraso egiteko beste kasuetan.
Herenegunekoa, Boko Haram taldeak inoiz egin duen atentaturik handiena izan da. Iazko Eguberri egunean beste bi eraso handi hartu zituen erakunde islamistak bere gain. Madallako eliza baten kontrako atentatuan 44 pertsona hil zituen, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen Abujako egoitzaren kontrako eraso batean, berriz, 25 lagun. Al-Qaedarekiko harremana onartu izan dute Boko Harameko kideek behin baino gehiagotan.
Gabonetako atentatuak izan zirenetik hona, talde kristauen errepresaliak eta muturreko talde islamistaren atentatuek ezegonkortasuna eragin dute herrialdean. Milaka pertsonak etxea atzean utzita ihes egin dutela jakinarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Boko Haram Nigerian xaria lege islamikoa ezartzeko ari da borrokan, kideek adierazi dutenez.
Tentsio gunea
Politikaren, erlijioaren eta lurraldearen inguruko tentsioak anitzak dira Afrikako herrialdean. Nigeria kontinenteko herrialderik jendetsuena da, berton 150 milioi pertsona baino gehiago bizi dira. Berrehundik gora etnia daude herrialdean. Azken gatazka nagusia, ordea, erlijio banaketak eragin du. Hegoaldea, kristauak dira nagusi, eta iparraldean, aldiz, musulmanak. Bi komunitateen arteko liskarrak handituz joan dira azken hilabetean, Madallako eliza kristauaren kontrako erasoa gertatu zenetik, gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan du herrialdeko hainbat lurraldetan. Boko Haram taldeak kristauei herrialdearen iparraldetik ihes egiteko ultimatuma eman zien joan den urte bukaeran.Emandako epea amaitu eta gero, eraso bortitzak hasi zituzten iparraldeko kristauen kontra hilaren hasieran.
Gurutze Gorriak dio 120tik gora hil direla Nigeriako azken erasoetan
Boko Haram erakunde islamistak hartu ditu bere gain atentatuak; inoiz egin duen erasorik handiena izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu