Gurutze Gorriak ez du «inor» aurkitu Homsen setiatuta egondako auzoan

Siriak Nazio Batuen Erakundearen lana «erraztuko» du, eta Txinak proposatutako bake plana onartu du

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Siriako Homs hiriko Bab Amr auzoan sartzea lortu zuen atzo Gurutze Gorriak, iragan astetik hainbat ahalegin egin ondotik. Azkenean, erregimenak eremua bisitatzeko NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkariorde Valerie Amosi emandako baimena baliatu ahal izan du horretarako. Bab Amren sartu diren Ilargi Erdi Gorriko kideek adierazi dute han ez dutela «inor» aurkitu, hango biztanleek lehendik ihes egin dutelako. Hilabete inguruan armadak setiopean eduki du Bab Amr, iragan astean berriz ere kontrolpean hartu zuen arte. Amosen bisitaren ondoren, larunbatean Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako bidali berezia Damaskora joatekoa da, eta erregimenak adierazi du NBEren lana «errazteko» prest dagoela. Horrez gain, Txinak proposatutako bakerako plana onartu du Damaskok.

Ilargi Erdi Gorriko ordezkariek eta Amosek ordubete inguru eman dute Bab Amren. ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko bozeramaile Carla Haddadek adierazi du Ilargi Erdiko kideek ez dutela giza laguntzarik banatu han, herritar denek ihes egin dutelako. Bab Amrekoak diren 450 sendi Abel izeneko herrian errefuxiatuta daudela erran du Haddadek, Homsetik hamar kilometro hegoaldera. «Mantak, elikagaiak eta botikak» eman dizkietela jakinarazi du.

Armadak iragan astean hartu zuen Bab Amren kontrola. Milaka soldadu bidali zituen auzunera, eta erregimenaren aurkako Siriako Armada Askea taldeko ekintzaileek alde egin zuten, ia hilabetez Bab Amr kontrolpean izan ondoren. Han gertatukoaren inguruan bi aldeek emandako bertsioak erabat kontrajarriak dira, eta iturri independenteen faltagatik, hagitz zaila da bata zein bertzea berrestea. Siriako Armada Askearen eta oposizioko hainbat talderen arabera, armadak hilabetez setiatu eta bonbardatu du Bab Amr, eta ehunka lagun hil. Atzo bertan, adibidez, Herri Koordinaziorako Batzordeek erran zuten NBEko Giza Gaietarako idazkariordearen bisitaren aitzinetik erregimeneko indarrek eta xabiha deitutako paramilitarrek gutxienez hogei lagun hil zituztela Bab Amr inguruan. Erregimenak, ordea, auzoa «talde terroristen» esku egon dela salatu du, eta sarraskiak haiei egotzi dizkie. Gurutze Gorriaren sarrerari buruz ere bertsio ezberdinak eman dituzte. Oposizioko talde batzuen arabera, erregimenak bortz egunez gibelatu du Ilargi Erdi Gorriko kideen sarrera, «sarraskien arrastoak ezabatzeko». Damaskok dio, ordea, auzoa lehertu gabeko bonbez eta minez garbitzen aritu dela.

Amosen bidaia

Egun batzuetan bere sarrera gibelatu ondoren, Damaskok iragan astelehenean jakinarazi zion Amosi Sirian sartzeko baimena. Atzo goizaldean ailegatu zen, eta ordu batzuetara Walid Al-Muallim Atzerri ministroarekin elkartu zen. Damaskok NBEren eta giza laguntza emateaz arduratzen diren agentzien lana «erraztuko» duela zin egin zion Al-Muallimek Amosi. Ilargi Erdi Gorriko arduradun Abdulrahman Attarrekin biltzekoa da gaur NBEko Giza Gaietarako idazkariordea.

Hain zuzen, Annan Damaskora joatekotan denean egin ditu erregimenak nazioartearekiko keinu horiek. NBEk eta Arabiar Ligak izendatutako bidali berezia Kairon dago, eta ligako idazkari nagusi Nabil el-Arabirekin bildu da gaur, Siriako bidaia prestatzeko.

Annani sostengua

NBEren Segurtasun Kontseiluan Siriaren aurkako gaitzespen ebazpenak errefusatu dituzten bi potentziek ere, Errusiak eta Txinak, ontzat jo dute Annanen izendapena. Txinak, gainera, Siriako erregimenari eta oposizioari proposatutako bake planean bildu du bidali bereziaren onarpena. Damaskok sei puntuko plana onartzen duela jakinarazi dio Atzerri ministroak Pekinen mandatari Li Huaxini. Oposizioko NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordearekin ere biltzekoa zen atzo Li, eta, aitzinerago, «erbesteko» oposizioarekin, hots, SNC Siriako Kontseilu Nazionalarekin biltzeko asmoa duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.